Bidasoa-Irun eskubaloi taldeak igandean jokatuko du Euskal Koparen finala, Orion, Amenabar Zarautzen kontra.
Finalean honako elastikoa erabiliko du Bidasoa-Irunek
Bidasoa-Irun eskubaloi taldeak Euskal Koparen finala jokatuko du hilaren 10ean (igandean), Orion, Amenabar Zarautz taldearen kontra. Karela kiroldegiko partida 12:00etan hasiko da. Irabazteko aukera asko dituzte irundarrek, behintzat Zilarrezko Mailako sailkapen nagusian bi taldeen egoera zein den ikusita: bigarren dira bidasoarrak, hamalaugarren (hamasei taldetik) zarauztarrak.
Finalean ez dute ohiko elastiko horia eramango Fernando Bolearen jokalariek. Urdina izango da kamiseta. Izan ere, Autismoaren Nazioarteko Eguna izan zen apirilaren 2a, eta horrekin bat egiteko, egunaren bereizgarri den urdin kolorezko elastiko bereziak eramango dituzte jarrita.
Eta zaleak finalera joateko bidaia antolatu du klubak. 30 euroren truke, bidaia, sarrera eta bazkaria (Sukia tabernan) barruan dituen txartela hartzeko aukera dute zale irundarrek, osteguna arte, eskubaloi taldearen Artaleku kiroldegiko bulegoan: 09:00etatik 13:00etara goizez, eta 15:00etatik 18:30era arratsaldez dago zabalik bulegoa. Igandean, 10:30ean aterako da Bixera zenetik autobusa Oriora joateko. 17:30ean itzuliko dira Irun aldera, ahal bada, koparekin.
Ligako hurrengo partida etxean du Bidasoa-Irunek, hilaren 16an (19:00etan). Academia Octavio azken sailkatuak bisitatuko du Artaleku.