Irungo Udalak kopuru horren erdia inbertsioetarako bideratuko du, eta beste erdia badaezpada gordeko du.
Irungo udaletxea
Behin 2015eko aurrekontuaren likidazioa eginda, Jose Antonio Santano alkateak jakinarazi du 9,4 milioi euroko soberakinarekin bukatu duela aurreko urtea Irunek. Hau da, aurrekontuetan zehaztutako gastu guztiak ordaindu eta gero, kopuru hori soberan izan duela udalak.
Soberakinarekin zer egingo den ere zehaztu du alkateak: erdia, udalaren kutxan geldituko da badaezpada, “ezusteko arazoei aurre egiteko”, eta beste erdia inbertsioetara bideratuko da, honako eremuetakoak: etxebizitza alorrean alokairuzko etxebizitzak sustatzeko nahiz gizarte politikak garatzeko; garapen ekonomikoa eta iraunkortasuna sendotzeko; eta hainbat hirigintza lan egiteko. Gainera, beste 622.000 euro gordeko ditu udalak, kupoko balizko aldeak estaltzeko.
2015eko kontuen likidazioaren balorazio baikorra egin du alkateak. Uste du horren arrakasta dela aurrekontu horiek “zuhurtziaz” egin zituztela, “eta horri kudeaketa on bat gehitu behar zaio, presio fiskala handitu gabe. Gastua zaintzeko politikak daramatzagu aurrera, eta horrek aurrezteko aukera eman digu. Gainera, hainbat programaren gastuen azterketa egin dugu, horrek ere lagundu du soberakinean”.
Orain, tramiteak datoz. Apirileko ohiko udalbatzarrean soberakinaren berri eman eta hura onartzeko saioa egingo dute. Miguel Angel Paez Ogasun ordezkariak esan duenez, apirileko udalbatzarrean ere asmoa dute 4-5 milioi euroko kreditu aldaketak proposatzeko, 2015eko soberakinaren zati hori aktiba dadin.