Atenasko Europako Kopan kirol bizitzako lorpenik handiena erdietsi du Lidia Yarza judoka hondarribiarrak.

Ezkerretik hasita, Oier Goikoetxea, Lidia Yarza, Ronaldo Veitia eta Aitor Goikoetxea
Lidia Yarza judoka hondarribiarrak urrezko domina lortu zuen Atenasko gazteen Europako Kopan. Asteburuan egin zuten, eta Ama Guadalupekoa Judo Taldeak bi ordezkari izan ditu bertan, Yarza (+78 kiloetan), eta Oier Goikoetxea (-60). Lehen aldia da Hondarribiko taldeak Atenasko txapelketara bidaiatzeko aukera izan duela eta Ronaldo Veitia taldeko kirol arduradunarekin joan dira bi kirolariak, eta Aitor Goikoetxea kadetea izan dute ondoan.
Hondarribiko klubak esan duenez, Yarzak “akatsik gabeko lehiaketa” burutu zuen, “borroka bakoitzeko alde guztietan nagusiatasuna erakutsiz”. Lehen borrokan Leman Gichmen bulgariarra gainditu zuen, bigarrenean Soshana Kahlon israeldarra, eta finalean beste israeldar bat, Agustina Belen Gonzalez. Azken urtea du Yarzak juniorretan, eta kirol bizitzako emaitzarik onenak ari da lortzen.
Atenasen lortutako garaipenar esker, munduko zerrendako hamalaugarren tokian jarri da hondarribiarra, eta Europako Txapelketan parte hartzeko txartela ia eskutan du.
Oier Goikoetxeak, aldiz, ezin izan zuen lehen borroka gainditu eta errepeskatik kanpo geratu zen. Orkatileko lesio batetik atera berria da Goikoetxea, eta ez du eduki normaltasunez entrenatzeko modurik. Hala ere, oso ondo lehiatu zen Grezian.