Sekulako erantzuna ari da izaten Greziara iristen ari diren iheslarientzat Emeki elkarteak Hondarribian abiatu duen arropa bilketa kanpaina.
Furgonetaz eraman dute Lezora orain arte Hondarribian bildutakoa
Dagoeneko kamioiaren laurdena bete dute. Sekulako erantzuna ari da izaten Greziara iristen ari diren iheslarientzat Emeki elkarteak Hondarribian abiatu duen arropa bilketa kanpainak. Puntaleko egoitzan ari dira bilketa egiten egunero eta gaur goizean lokala hustu behar izan dute, ez zelako gehiagorentzako lekurik.
Lezoko Echemar garraio enpresak doan eramango ditu arropak Greziaraino, eta Lezoko 110 industriagunean duten egoitzara eraman dute furgonetaz orain arte bildutakoa. Kamioia betetzeko halako beste hiru bidai egin beharko ditu furgonetak, baina hondarribiarren erantzuna ikusita, ez dirudi zaila izango denik.
Donostiako Intxaurrondoko Gastronomia Elkartearen laguntzarekin ari da Emeki bilketa egiten, eta bihar, bertako kide den Oroitz Garciari egindako elkarrizketa argitaratuko du Oarso Bidasoko HITZAk papereko edizioan. Martxoaren 1etik Chios irlan daude donostiarrak errefuxiatuentzako janariak prestatzen eta Hondarribian egiten ari diren lana eskertu du Garciak: “Gu saiatzen gara errefuxiatuei euren bidaian zaporerik gozoena jartzen, eta denon artean egiten badugu errazagoa izango da”.