Dirua biltzeko bazkaria egingo dute apirilaren 16an eta SOS Errefuxiatuak izeneko kontu korrontea ireki dute Kutxabanken.
Puntaleko egoitzako barruko patioan ari dira jasotako arropa sailkatzen
Igandean zen bukatzekoa Emeki elkarteak abiatutako arropa bilketa, baina herritarren erantzuna ikusita luzatu egingo dute. Hala, datorren astean ere jarraituko dute arropa biltzen Puntaleko egoitzan, 11:00etatik 13:00etara, eta 18:00etatik 20:00etara. Greziara iristen ari diren errefuxiatuek behar duten edozer ari dira biltzen, zapatak, txandalak, neguko arropa, lotarako sakuak, mantak…
Dozenaka herritar boluntario ari dira bilketan laguntzen, banaketa egiten denerako sailkapena egiten. Prozesua goitik behera jarraituko da Hondarribitik, eta banaketaren unea ere zainduko da, errefuxiatuentzako janariak prestatzen diharduen Intxaurrondoko Zaporeak elkartearen laguntzarekin.
Orain arte Chios irlan aritu dira Zaporeakekoak, eta sukalde handi bat dute oraindik han. Baina errefuxiatuetako asko irlatik penintsulara eraman dituzte, eta bertan beste leku baten bila ari dira donostiarrak, behar handiena duten lekuaren bila. Hala, Hondarribian biltzen ari arropa, printzipioz, ez litzateke Chios irlara joango, Intxaurrondokoak ezartzen diren leku berri horretara, baizik.
Bazkaria eta kontu korrontea
Emeki elkarteak SOS Errefuxiatuak izeneko kontu korronte zenbakia ireki du Kutxabanken: ES 9120 95 5039 90 9115926855. Herritarrek nahi duten ekarpena egin dezakete bertan eta diru horrekin barruko arropak prezio onean erosiko dituzte, Greziara bidaltzeko.
Horrez gain, helburu berarekin bazkaria egingo dute hilaren 16an Klink elkartean. Txartelak 20 eurotan (haurrenak 4 euroan) jarri dituzte salgai Kai-Alde gozodendan, Alzaga urdaitegian eta Batzokian. Haurtzaindegi zerbitzua egongo da bazkarian.