Iazko datuekin alderatuta, %20 igo da bisitarien kopurua Hondarribian eta Irunen, eta hoteletako okupazioa %88koa izan da.
Jende uholdea izan da Hondarribian, eta bisita gidatuak bete egin dira
Aste Santuak bisitarien markak hautsi ditu eta zubian jendez gainezka egon da Hondarribia. Arma Plazako turismo bulegoan egiten diren kontsultak dira herrira hurbiltzen diren bisitari kopuruaz ohartzeko irizpideetako bat, eta inoizko hobea izan da. Hondarribiko Udaleko Turismo zinegotzi Maria Serranok emandako datuen arabera, Aste Santuan 3.269 turista hartu dituzte Alde Zaharreko bulegoan, eta beste 396 kirol kaikoan, iaz baino %22,53 gehiago: “Izandako eguraldi onak, Ostiral Santuko prozesioak eta Hondarribiaren erakargarritasunak batuta, azken urteotako Aste Santurik onena ekarri dute”.
Gainera, Aste Santuaren aurreko egunetan ere asko izan ziren Alde Zaharretik mugitu ziren bisitariak, eta aste honetan ere mugimendua antzeman daiteke. “Pasa den asteko lehen hiru egunetan jende asko ikusi da eta ziur aste hau ere antzerakoa izango dela, Aste Santuan baino gutxiago baina erritmo onarekin”, uste du zinegotziak.
Irunen ere aurreko urteetan baino bisitari gehiago izan dituzte Aste Santuan. Luis Marianoko informazio zentroan 135 kontsulta egin dituzte.
Nola ez, hoteletako arduradunak pozik daude bisitari kopuruarekin, Bidasoa Bizirikek azaldu baitu %88,17ko okupazioa izan dutela, eta datua ez da ona izan Hondarribian bakarrik, baita Irunen ere. Hondarribiko 784 geletatik 691 bete dira eta Irungo 2.188tik 1.922. Eta nekazalturismoetan zifra hori %100ekoa izan da ia.
Bisita gidatuak, beteta
Aste Santuan zehar Arma Plaza Fundazioak Guadalupeko Gotorlekua eta Alde Zaharra ezagutzeko bisita gidatuak antolatu ditu egunero, goizez eta arratsaldez bana —ostiralean goizez bakarrik—. Fundazioak jakinarazi duenez, ia 150 pertsona batu dira ibilbideetara, 110 Alde Zaharrekora eta 33 gotorlekukora.