Lau etxebizitzetatik hiru publikoak izango dira. Lakaxita eta Agerre Txiki eta Etxeberri baserriak mantentzea jasotzen du plan bereziaren bigarren aldaketak.
Babes ofizialeko ia 900 etxebizitza eraikiko dituzte San Migel-Anaka eremuan. Irungo Udalak Plan bereziaren bigarren aldaketaren berri eman du eta, besteak beste, Lakaxita eta Agerre Txiki eta Etxeberri baserriak ez eraistea eta Sancheski enpresaren lekuz aldaketa atzeratzea aurreikusita dago. Une honetan jende aurrean ikusgai dago egitasmoa, eta ondoren alegazioak aurkezteko eta horiek aztertzeko epea zabalduko da. Hori eta gero onartuko du udalak behin betiko San Migel-Anaka eremuko Hiri Antolaketarako Plan Berezia.
Xabier Iridoy Hirigintza eta Etxebizitza zinegotziak azaldu duenez, bigarren aldaketak “aurreikusitako etxebizitza publikoaren programa bermatzen du”. Izan ere, babes ofizialeko 887 etxebizitza eraikitzea aurreikusita dago, eta beste 288 libre. Hau da, altxatuko diren lau etxebizitzetatik hiru babestuak izango dira. Plan bereziaren esparruak orotara 137.714 metro koadroko azalera baldin badu, horietatik 100.459 metro koadro etxebizitzek eraikitzeko izango dira.
Une honetan jende aurrean ikusgai dago San Migel-Anaka eremuko plan berezia
Plan bereziaren mugak honakoak dira: Letxunborro etorbidea iparraldean, Jaizkibel kalea mendebaldean, Donostia kalea ekialdean, eta Anaka, hegoaldean. Gainera, Donostia, Lepanto eta Blas de Lezo kaleen arteko espazio batean eragiten du, eta, aldiz, Jaizkibel kalearen mendebaldeko eraikin multzo bat kanpoan uzten.
Halaber, eremuko bizileku gehienak antolaketatik kanpo uzten ditu, hau da, finkatuko dituzte. Hala, planak ez ditu ukituko Agerre Txiki eta Etxe Berri baserriak —hutsik zeuden eta udalak erosi ditu—, Lakaxita —gazteen jarduera mantenduko da—, eta Santa Barbara eta Izartxo-Enea etxeak.
Eta Sancheski enpresari dagokionez, tokiz aldatzeko prozesua atzeratzea jasotzen du bigarren aldaketak. Iridoyk argitu duenez, “behar besteko epe zabala emango da jabeek erabaki ahal izateko tokiz aldatzeko unea zein izango den”.