Hondarribia Lantzenek ez du onartu langabe eta familia ugarientzat beherapenak ezartzeko Abotsanitzek egindako eskaera.
Hondarribiko udal gobernuak baztertu egin ditu Hondartza kiroldegiko kuotetan langabe eta familia ugarirentzako beherapenak ezartzeko Abotsanitz alderdiak egindako eskaerak. Zehazki, langabeei %50eko beherapena eta famili ugariei %25eko beherapena egitea eskatu zuten, baita irailean bazkideei kuotaren bi heren kobratzea, hil horretan kiroldegia egun batzuez itxita egoten delako.
Hondartza kiroldegia
Hondarribia Lantzen erakundeko administrazio kontseiluaren joan den asteko bilerak proposatu zituen neurri horiek oposizioko lehen taldeak, baina argitu dutenez, “udal gobernuak ez ditu begi onez ikusi eta ondorioz Abotsanitzen proposamena bere horretan geratu da”.
Abotsanitzen ustez, “baliabideak eta baldintzak badaude”, eta “hondarribiarrek zerbitzu eskaintza malgu, duin eta kalitatezkoak izan ditzaten” lanean jarraituko dutela gehitu dute.
Aiza! aldizkaria
Abotsanitzek batzarra egingo du gaur, asteartez, 19:00etatik aurrera Muara elkartean. Alderdiaren estatutuen gainean jardungo dute nagusiki, baina beste zenbait gai ere izango dituzte hizpide, hala nola Aiza! aldizkari berria.
Lehen alea argitaratu berri du, eta bertan “herriari eta udalari buruzko ikuspegia” adierazi eta “herritarren parte hartzea” bildu nahi izan du. Hiru hilean behin Aiza! aldizkariaren zenbaki berria kaleratzeko asmoa duela erantsi du Abotsanitzek.