Udaberri txapelketako finaletan izan diren hiru bikote hondarribiarrak sari gabe geratu dira, baina lan txukuna eginda.
Esku pilotako gazteek izan zuten garaipena gertuen, 22-21 galdu zuten
Asteburuan Hondarribiko hiru bikote lehiatu dira Gipuzkoako Pilota Federazioak antolatzen duen Udaberri Txapelketako finaletan, bi esku pilotan eta beste bat zesta puntan. Hirurek partida zailak zituzten, eta euren partidak galdu dituzte, baina hiru bikote hondarribiarrak egon dira txapela janztetik gertu.
Esku pilotako bi finaletan izan zuen ordezkaritza Hondarribiko Pilota Eskolak. Nagusiek (Maia-Pagadizabal) 3. Mailako finala izan zuten larunbatean Arrasateko Uarkape frontoian, Gaztelekuren kontra. Hirugarren Mailako denboraldiko bi bikote indartsuenak aurrez aurre. 22-19 galdu zuten hondarribiarrek, baina emandako mailarekin gustura itzuli ziren etxera.
Gazte Mailako bikoteak (Maia-Esnaola) ostiralean jokatu zuen Alegiko Elorrin. 2. Mailako finala zuten jokoan eta aurkaria Euskal Jolas zen, lehen fasean Jostaldin 19-22 nagusitu zitzaien bikotea. Ostiraleko finalean azken unera arte ez zen lehia erabaki, azken sakera 21era berdinduta iritsi baitziren bi taldeak. Debakoek lortu zuten azken tantoa eta txapela eurentzat izan zen.
Eta zestan, Hondarribiko Kadete Mailako bikoteak (Goikoetxea-Sandoval) lortu zuen final handiraino iristea —zestan dibisio bakarra dago—. Iaz nagusiek jokatu zuten Udaberri torneoko azken partida eta
aurten kadeteek, harrobiarekin egiten ari diren lan txukunaren adierazle. Hauek ere galdu zuten, larunbatean Jostaldin, baina hauek ere izan zuten garaipena gertu. Partida borrokatu baten ondoren Zumaiak 30-28 irabazi zuen zestako Udaberri Txapelketako kadeteen finala.