Denboraldiko etxeko partida guztiak irabazi ditu Hondarribiko taldeak.
Hondarribia Ikasbasket saskibaloi taldeak Añorga menderatu zuen larunbatean Hondartza kiroldegian (69-54), partida oso borrokatu baten ostean. Donostiarrek defentsa gogorra planteatu zuten hasieratik eta etxekoei kosta egin zitzaien ohiko jokoa egitea. Baina talde zabala du Ikasbasketek, eta, aldaketekin, etxekoek baino gehiago galdu zuten kanpokoek. Hala, bigarren laurdenean aurkariaren nekea baliatu zuten markagailuan tartea egiteko.
Atsedenaldiaren ondoren partidaren hasierakoa errepikatu zen, eta defentsek erasoei gailendu zitzaizkien. Hiru minutu eta erdi behar izan ziren lehen puntuak markagailura igotzeko. Baina behin saskiko amaraunak kenduta, etxekoak kanpotik asmatzen hasi ziren, eta saskiaren azpian sendoago azaldu.
Lauko finala prestatzeko lehen azterketa nota onarekin gainditu du Ikasbasket taldeak. Defentsa ordenatuen kontra zailtasunak ditu, baina talde luzea eta moldakorra duenez, pazientziarekin jokatzen duenean oso zaila da Hondarribiko taldea gelditzeko modua aurkitzea.
Añorgarren hasierako bostekoak zailtasun asko eragin zizkion Ikasbasket taldeari
Antigua ere sailkatu da
Bi partida geratzen dira ligaxkarako eta dagoeneko bi talde dira lauko finalerako txartela lortu dutenak,
Ikasbasket eta Antigua Luberri. Donostiarrek Zarautzen irabazi zuten asteburuan eta Añorgaren eta Bera Bera Grosen porrotei esker sailkatu dira. Azken txanpan atzetik aurrera joan da Antigua, azken bost partidak irabaziz, horien artean Ikasbasketen kontrakoa.
Bi postu geratzen dira erabakitzeko eta hiru hautagai puntutan berdinduta, Bera Bera Gros, Beasaingo Arri BKL eta Añorga.
Ikusi sailkapena