Iker Oliveri bigarrenez izan da azkarrena Talaia bidean
Bigarren tokian beste hondarribiar bat sailkatu da, Joxe Amunarriz. Nesketan, Uxoa Irigoien getariarrak irabazi du proba, nagusitasun osoz.
Bi ordu eta hamalau minutuko denbora eginez, berriro ere irabazle izan da etxean Iker Oliveri. Bigarrenez irabazi du hondarribiarrak Donostia-Hondarribia Talaia Bidea Mendi Lasterketa —aurreko bi edizioetan bigarren izan zen—, eta iazko marka lau minutu eta lau segundo hobetuz egin du. Lokatzetan seguru ibili zen Oliveri, eta lurra lehorra zegoen tokietan hegan egin zuen. Bigarren sailkatua ere etxeko korrikalari bat izan zen, Joxe Amunarriz (2:20:13), iazko proban baino hiru minutu gutxiago behar izan zuelarik. Oso ondo prestatu du proba hondarribiarrak eta fruitua eman dio. Joan den urtearekin alderatuta hiru postu hobetu ditu, eta iaz bere aurretik sailkatu ziren Mikel Albeniz eta Aritz Kortabarria atzetik utzi ditu. Sasoiko dago Amunarriz, Lezo-Jaizkibelen lasterketan erakutsi zuen bezala. Han ere bigarren geratu zen, Oliveriren atzetik. Hirugarren tokian bizkaitar bat sailkatu da aurten, Roberto Garai sopelarra (2:21:23). Ez du urruti eduki bigarren postua bana azken kilometroetan joan egin zaio Amunarriz. Kontuan izanik ez zuela proba ezagutzen, pozik egoteko modukoa da hirugarren postua. Oliveri eta Amunarriz ez ziren lehen tokietan sartu ziren hondarribiar bakarrak. Gorka Leal (zazpigarren) eta Patxi Ezeiza (hamargarren) ere Top 10ean sartu ziren. Oarsoaldeko korrikalariei dagokienez, Martxel Bereau oiartzuarra Ezeizaren aurretik sartu zen, bederatzigarren. Irigoien, oso aurretik Nesketan, irabazle bat eta bakarra izan zen, Uxoa Irigoien getariarra (2:45:10). Adi, bigarrenari 23 minutu eta 36 segundo atera baitzizkion. Iaz bigarren geratu zen Irigoien, baina aurtengo denborarekin irabaziko zukeen, zazpi minutu pasatxotan hobetu baitu iazko irabazlearen marka, eta hamar minutu eta 41 segundotan berak egindakoa. Karrera bikaina egin zuen getariarrak, eta indartsu amaitu zuen gainera. Podioan bi donostiar izan zituen ondoan irabazleak, Tanit Perez de Lezeta eta Begoña Julian. Iaz zazpigarren eta bosgarren sailkatu ziren hurrenez hurren, eta oso pozik igo ziren Irigoienekin podiora. Ana Cruz pasaitarra podiora igotzetik gertu geratu zen, laugarren, hirugarrenetik hiru minutu eta erdira; beteranoetan lehena geratu zen Cruz. Aurreneko hondarribiarra helmugan Amaia Festa izan zen, 11. postuan, justu Josune Vilumbrales irundarraren aurretik.