Azken faserako sailkatuta, hondarribiarrek lauko finala prestatzeko erabiliko dituzte ligaxkako azken hiru jardunaldiak.
Bihar, larunbatez, etxean jokatuko du Hondarribia Ikasbasket saskibaloi taldeak. Hondartza kiroldegian jokatuko dute hondarribiarrek, 20:00etan, Añorgaren kontra. Multzoko talde indartsuenetakoa da Añorga —joaneko partidan irabazi zion Ikasbasketi—, baina oraindik ez du ziur igoerako azken fasera sailkatuko ote den.
Bigarren faseko 12. jardunaldia izango da. Ligaxka amaitzeko hiru partidaren faltan, Ikasbasket da lauko finala jokatzeko txartela eskuratu duen talde bakarra.
Joan den asteburuan lortu zuen, Bera Bera Gros menderatuz.
Etxeko partida guztiak irabazi ditu taldeak aurten
Hortaz, ligaxkako azken hiru jardunaldiak igoera fasea prestatzeko baliatuko dituzte hondarribiarrek. Eta horretarako modu ona izan daiteke lauko finalean egon daitekeen beste talde baten kontra jokatu eta irabaztea.
Giro polita espero da Hondartzan, zaleek egiten ari den denboraldiagatik zoriondu nahiko dutelako taldea.
Gipuzkoako Ligako sailkapena