Aste Santuak herrian zuen kutsu musikala izan zen Eliz Musikaldia sortzeko aitzakia, eta eliz musikarekiko pasioa, jarraitzeko arrazoia.
Hondore Abesbatza, joan den igandeko saioan
Euskal Herrian egiten den eliz musika ziklo zaharrena da Hondarribikoa. Duela 34 urte antolatu zuen lehen aldiz Eskifaia elkarteak, eta harrezkeroztik ez dute hutsik egin. Aurreneko ekitaldia berrikuntza izan zen, ordura arte abesbatzen alde folklorikoari erreparatzen baitzitzaion jaialdietan. Aldiz, eliz musika herri askotan oso egonkortua egonik ere, elizkizunetara mugatzen zen, eta inori ez zitzaion bururatu musika sakroarekin ziklo bat antolatzea.
Hondarribiarrak izan ziren lehenak, eta 34 urteko bidearen ondoren, oraindik pasioz egiten dute. “Lan handia da, elkarteko kide guztiak asko inplikatzen dira, eta horri esker egin du bide luzea jaialdiak. Eta urte askotan jarraitzea espero dugu”, adierazi du Anatxo Gezala Eskifaiako presidenteorde eta eliz musikaldiko arduradun nagusiak. Jasokunde eta Sagarrondoko Andre Mariaren parroki elizan egiten dute, Aste Santuaren aurreko bi asteburuetan. Hilaren 12an hasi zen aurtengo ekitaldia, eta etzi bukatuko da. Urtero, Euskal Herritik kanpoko talderen bat ekartzen saiatzen dira, eta Euskal Herriko puntako taldeekin osatu: “Hemengo taldeei dagokienez, aparteko taldeak bilatzen ditugu, ekarpena egiten dutenak, une gozoan daudenak”.
Zikloko talde entzutetsuena aurten Zaragozako (Espainia) Enchiriadis emakume abesbatza izan da. Larunbatean egin zuten saioa, maila handikoa, korutik nahiz aldaretik. Bertaratu zirenek aldareko zatia nabarmendu zuten bereziki, eta, besteak beste, jaialdiaren sortzailea izan zen Javier Busto musikologoaren
Salve Regina interpretatu zuten. Metro gutxira, hunkituta entzun zuen bere kanta hondarribiarrak: “Nire musika egiten duen jendeak hunkitzen nau, egiten duen moduan egiten duela ere; batzuek hobeto egingo dute, beste batzuek ez hain ondo, baina beti da hunkigarria abesbatza bateko zuzendariak erabakitzea zure musika lantzea. Musika idatzi dut, eta jendeak hori baloratzen du; hori oso polita da”.
Aste Santuari lotuta
Urte askoan Eskifaiako zuzendaria izan zen Busto, eta beste hainbat taldetakoa gero. Hari bururatu zitzaion duela 34 urte Hondarribiko Eliz Musikaldia sortzea. “Hondarribiko Aste Santuan musikak zuen pisuagatik sortu genuen, baina, noski, Aste Santuan ezin zen egin, garai hartan orain baino are beteago zegoelako ordutegia. Horregatik, aurretik kokatu genuen zikloa”.
Busto, Xatzekin, 25. urteurreneko entsegu batean
Baina beste arrazoi bat bazuen Bustok herrian musikaldia antolatzen hasteko; hots, musika erlijiosoarekiko duen pasioa: “Fraide eskoletan ikasi nuen, eta erlijio testu asko irakurtzen dituzuenean, eleberri asko irakurtzea bezala da. Kultur erreserba garrantzitsua egiten duzu hor, eta nik egin dudana izan da erreserba hori baliatu musika erlijiosoa idazteko”. Zentzu erlijiosoagatik bezala, “duen izaera poetikoagatik” maite du musika sakroa Bustok.
Haren ibilbidean ehunka agertokitara igo da Busto, baina gutxi maite ditu herriko parrokia bezainbeste: “Parrokiak urte askotako kantu tradizioa du, eta hori nabaritzen zaio. Zikloaren barruan, sumatu egiten da giro berezi bat, jaialdira etortzen den publikoak duen errespetua. Tenpluak akustika itzela du musika erlijiosoa egiteko. Organoa berritu dute, eta egia esateko, ikaragarri ondo entzuten da”.
Hain zuzen ere, parrokiko
Amezua organoa izaten ari da aurtengo ekitaldiko protagonistetako bat. Urtetan hondatuta egon da, eta aurten berritu egin dute. Gezalarentzat, konponketaren ardura izan duen Denis Lacorre organistak sekulako lana egin du: “Izugarria da organoarena. Elizkizunetan ez dakit hainbeste bereiziko duten, baina kontzertuetan itzela da. Konpondu izanak beste liga batean jarri gaitu, beste dimentsio batera eraman du zikloa”.
Organoa protagonista
Hori horrela, organoa lantzen duten taldeekin osatu dute aurtengo egitaraua. Eta zikloa amaitzeko, etxeko taldeek eman ohi duten saioa ere organoari lotuta joango da aurten. Igandean, saio bikoitza izango da, 19:30ean: aurrena, Xatz-Eskifaia ahots zurien taldeak abestuko du, eta bigarren zatian, Eskifaia etxeko talde mistoa eta Beasaingo Loinatz elkarrekin ariko dira. “Orain bi urte, Donostiako Hamabostaldian egin genuen kontzertu hau bera Loinatzekin, eta hona ekartzeko garaian organoa apurtuta zegoen. Hor gelditu zen,
stand by batean. Orain, organoa konpondu dutenez, berreskuratu dugu”, azaldu du Gezalak.
Aurten konpondu dute organoa
Bi taldeek Luis Iruarrizagaren
Missa Paschalis interpretatuko dute korutik abestuz, eta, joan den igandean Hondore taldearekin egin bezala, publikoak pantaila bidez jarraitu ahal izango du Eskifaia eta Loinatzen kontzertua. Lehen aldiz jarri dute aurten pantaila, eta Gezalaren arabera, “itzela” izan da: “Jende askok ez zekien organoa hankekin ere jotzen dela, eta hori pantaila handian ikustea harrigarria izan da”. Igandean, beraz,
Amezua musika tresna berriro entzuteko aukera izango da Hondarribian. Oraingoan, orfeoiarekin aritzen den Gerardo Rifon Donostiako San Ignazio parrokiako organistak joko du.
Eskifaiakoek 34 urtez abestu dute eliz musika zikloan. Nazioarteko lehiaketa garrantzitsuetan ibilitakoak dira, eta batek pentsa dezake haientzat etxean Aste Santuaren atarian aritzea errutina bilakatu dela, baina ez da horrela: “Guretzat presio handia da Hondarribian kantatzea; bada jendea hasieratik dabilena, abesten 37 urte daramatzana, eta oraindik etxean urduri jartzen dena”, dio Gezalak. Izan ere, plaza handia da Hondarribikoa, eta publikoa eliz musikan aditua: “Urtero abesten dugu, baina guretzat ohore handia da, jende askok nahiko lukeelako hemen kantatu. Oso polita da, etortzen den publikoa musika entzutera etortzen delako, ez edozein kontzertu entzutera, eta sumatzen da hori. Jendeak eskertzen du abesbatzek egiten duten lana, oso publiko aditua da”.
Busto bat dator Gezalarekin, eta inoiz Hondarribiko Eliz Musikaldian izan ez direnei gonbita egin die: “Datozela, entzungo duten musika zoragarria izango delako. Zikloaren ezaugarri nagusia kalitatearen etengabeko bilaketa da, talde garrantzitsuak eta musika interesgarria eta askotarikoa ekartzeko”.
Aste Santuak herrian zuen kutsu musikala izan zen Eliz Musikaldia sortzeko aitzakia, eta eliz musikarekiko pasioa, jarraitzeko arrazoia.