Bi urte zain egon den mezak itxiko du Eliz Musikaldia
Eskifaia eta Loinatz abesbatzek Luis Iruarrizagaren Missa paschalis abestuko dute igandean parrokian. Xatz Eskifaia ere ariko da.
Igande arratsaldean itxiko da Eskifaia elkarteak udalaren eta elizaren laguntzarekin antolatzen duen Hondarribiko Eliz Musikaldiko 34. ekitaldia. Aurreko asteburuan hasi zen zikloa, Zaragozako Enchiriadis emakume abesbatzak (larunbatean) eta Donostiako Hondore koruak (igandean) eskainitako bi saio bikainekin. Igande honetan itxiko da jaialdia, Alde Zaharreko parrokian, herriko Xatz eta Eskifaia eta Beasaingo Loinatz taldeekin. Aurreko bi saioak bezala, 19:30ean hasiko da, eta ez da sarrera ordaindu beharko.
Igandeko emanaldiak bi zati izango ditu. Lehen zatian Hondarribiko ahots zurien abesbatzak kantatuko du, Xatz Eskifaiak. Sei abesti prestatu dituzte eta horietako bat Loinatz koruko zuzendari izandako Xabier Sarasolaren Ave Maria izango da; besteak, Manuel Soler (Padre Nuestro), John Rutter (The Lord bless you and keep you eta I will sing with the spirit), Pau Casals (Nigra sum) eta Albert Alcarazenak (Nunc dimitis).
Bigarren zatia Eskifaia eta Loinatz abesbatzak elkarrekin egingo dute, Gorka Aierberen zuzendaritzapean. Luis Iruarrizagaren Missa paschalis interpretatuko dute osorik, korutik abestuz, eta Donostiako orfeoiarekin aritzen den Gerardo Rifon eseriko da organoan. Entzuteaz aparte, Rifonen eta abeslarien jarduna ondo baino hobeto ikusteko aukera izango da tenpluaren behealdetik, aldarean jarriko duten pantailari esker.
Eskifaiak eta Loinatzek duela bi urte abestu zuten lehen aldiz Iruarrizagaren meza, Donostiako Hamabostaldian. Beasainera eraman zuten, eta asmoa zen Hondarribian ere kantatzea, baina organoa konpondu arte zain egon dira. Aurten konpondu dutenez, igandean bukatuko da itxaroaldia, eta horrekin batera, Eliz Musikaldiaren beste edizio bat. Hurrengo urtean 35 urte beteko ditu Euskal Herriko eliz musika ziklo zaharrenak, eta dagoeneko hasiak dira prestatzen.