Udalak Lakaxita ordenaziotik kanpo geratu dela berretsi du San Migel-Anaka planaren bigarren moldaketan.
San Migel-Anaka hiri antolaketa planak bete-betean eragiten dio Lakaxitari. Joan den ostiralean,
udalak planaren bigarren moldaketaren berri eman zuen, eta Lakaxita ordenaziotik kanpo geratzen dela berretsi zuen. Zentzu horretan, Lakaxitak eraikina kontsolidatzeko eskatu du: “11 urte dira Irunen eta Anaka eta San Migel auzoetan partekatzen, lanean, ametsetan, ospatzen… eta beste 11 pasako genituzke. Guk argi dugu. Lakaxita beriola gelditzea nahi dugu”.
2012an plana onartu zenetik Lakaxitak ez duela lekurik izan salatu du gaztetxeak: “Ez dugu inolako informaziorik jaso urte guzti hauetan zehar, eta are gutxiago proiekturen nondik norakoetan gure integrazioa edota kontsiderazio hutsa ere”. Bigarren moldaketan ere udalak “hiritarren eskubideak urratu eta informaziorako zein interpelaziorako dituzten eskumenak bortxatu” dituela iritzi dio.
Bilera, EAJrekin
Izandako aurrekariekin, gaztetxeko kideak otsaileko plenora joan ziren, bigarren moldaketaren eztabaidara. Horren ondotik, Xabier Iridoy (EAJ) Hirigintza zinegotzia harremanetan jarri zen beraiekin, eta Lakaxitara teknikari bat bidaltzeko asmoa agertu zuela jakinarazi dute gaztetxeko kideek. Beraiek, ordea, Anaka-San Migel planaren eta zehazki euren egoeraren inguruko “bitartekaririk gabeko informazio zehatza” eskatu zioten, “beste edozein bizilagunei eman beharreko informazioa”. Horrez gain, Iridoy asanbladara gonbidatu zuten, baina ez zuela joan nahi izan gaineratu dute, “teknikarien ordutegiaren barruan sartzen ez zela argudiatuta”. Aste honetan berriro biltzekoak dira EAJrekin udaletxean bertan.
Lakaxitaren arabera, planaren azken bertsioan gaztetxea kokatzen den lekuan lorategi bat jartzea planteatzen da: “Aurreikusitako lorategi hori metro karratu batzuk gehiago zabaldu ahal izateko, udal gobernuak ezinbestekoa ikusten du eraikina bera eraistea”. Horretarako, 1,3 milioi euro gastatuko dituela jakinarazi du, Lakaxitaren lursaila eta etxea bera erosi ahal izateko.

Lakaxita, Anaka 20an dago