Mikel Mariskal hondarribiarrak Pirinio mendiak zeharkatu zituen iaz eta bertan jasotakoa proiektatuko du ostiralean Kultur Etxean.
Blagan euskaltzaleon elkarteak diapositiba emanaldia antolatu du bihar arratsalderako, ostiralerako. Alde Zaharreko Kultur Etxeko 103 aretoan (Denda kalea, 18) izango da, 19:00etatik aurrera. Mikel Mariskal hondarribiarrak GR-11 bidea egin zuen iazko udaran, ekainaren 15ean abiatu eta hilabete geroago herrira iritsita. Mediterraneotik Kantaurirainoko bidea egin zuen Mariskalek, Creusetik Hondarribira, Pirinio mendilerroa zeharkatuz. Horren inguruko diaporama prestatu du, Kultur Etxean proiektatzeko.
“Beti amestutako zeharkaldia” izan zela esan du Mariskalek, “denbora faltagatik noizbait burutzeko asmotan, 2015eko urtean burutzea lortu dut”. Creus lurmuturrean hasi eta Hondarribiraino, konpainiarik gabe egin zuen ibilbide osoa: “Bakarrik eta modu autonomoan egiteko asmoa nuen eta eguraldia lagun, egitasmoa nahi bezala lortu nuen”.
Hori horrela, mendi zeharkaldia baino gehiago “maila pertsonaleko esperientzi indartsua” izan zela kontatu du: “Haranez haran, lepoz lepo, eta tartean zenbait tontor eginez burututako zeharkaldia izan zen, aldaketa txikiren bat eginez, markatutako GR11 bidea jarraituz”.

Ekainaren 15etik uztailaren 15era egin zuen Pirinioen zeharkaldia