Mikel Arrazola argazkilariaren erakusketa ireki dute Plaiaundin. Gasteiz erdigunetik oso gertu hartutako animalien irudiak biltzen ditu eta material guztiz birziklagarriekin prestatu dute.

Ikuslea harrituko da irudiak hiri erdigunetik gertu aterata daudela jakiterakoan
Mikel Arrazola argazkilariaren
Biodibertsitatea, etxetik ordu batera erakusketa abiatu dute Irungo Plaiaundi parke ekologikoko Txingudi ekoetxean. Gasteizko erdigunetik oso gertu, urtaro ezberdinetan, ateratako miruen, orkatzen, eperren, sai zurien, zikoinen eta zapelatz arrunten argazkiz osatuta dago erakusketa. Eusko Jaurlaritzak antolatu du, eta goitik behera material jasangarriz egina dago. Maiatzaren 31ra arte bisitatu daiteke, ondoren Urdaibaira bidaiatuko du eta, handik, Arabako naturaren interpretazio zentroetara.
Arrazolak azaldu duenez, erakusketa harrigarria da, animalien argazkiak hiritik gertu hartuak direlako, baina erakusketan kokapen naturalean irudikatzen direlako: «Hiriaren inguruan hartutako argazkien siluetak dira. Argazkiak moztuta eta kokaleku naturala simulatzen duen modu batean jarrita daude, lurrean, airean edo beste elementu batzuen atzean erdi ezkutatuta, formatu handiko paletak eta kartoi birziklatuak euskarri gisa erabilita».
Batez ere hegaztiak agertzen dira argazkietan, baina ez bakarrik. Hori bai, irudi guztiak hiritik oso gertu hartuak dira, eta horrek bisitari asko harrituko dituela uste du Arrazolak: “Irudiak ikusgarriak eta kalitate onekoak dira. Etxetik uste baino gertuago dauzkagun espezieen aberastasunak harridura sortuko du: miru gorria, miru beltza, sai zuriak, orkatzak, basurdeak, kukuak, zapelatza, lepitzulia, zilar koloreko kaioak, zikoina zuriak, beleak, erroiak, eta abar”.
Guztiz jasangarria
Biodibertsitatea, etxetik ordu batera erakusketa material jasangarriz egina dagoela esatea, agian, labur geratzea da. Izan ere, goitik behera zaindu dute sortze prozesua eta erabilitako material guztiak naturarekiko errespetuzkoak dira. Ingurumenarekin lotutako lanetan aditua den Arabako Estudios Uriarte enpresak prestatu ditu euskarriak, eta alde txikiena ere zaindu dute.
Batetik, irudiak inprimatzeko bizitza baliagarria bukatutakoan birziklatze-ziklora itzuliko den papera erabili dute. Bestetik, estalgarriak hainbat birziklatze-prozesuren bidez egindako paper gris batez osatuta daude, eta orango erabilera bukatzerakoan, berriz hasiko dute zikloa. Eta azkenik, itsasgarri bezala zurgin-kola erabili da, lehortzen denean, paperen zuntzen artetik sartuta eta ohiko birziklatze-prozesuetan arazorik gabe barneratzen dena. Gainera, piezetako batzuk eusteko egurrezko palet birziklatuak baliatu dituzte.