Araudi orokorra ezean, kontratazioak borondatearen menpe daudela adierazi du SPIk.
Azken udalbatzarrean gizarte klausulen gaineko mozio bat aurkeztu zuen SPI SI Se Puede Irunek, eta horren ondotik, udalak gizarte klausulak zabaltzeko asmoa duela jakinarazi du. “Irungo Udala aitzindarietako bat izan zen udalaren zerbitzu eta horniduren kontratazioetako batzuetan gizarte klausulak sartzen, eta gai horretan beste urrats bat egingo nahi dugu”, adierazi du Miguel Angel Paez alkateordeak. Hala, aurrera egiteko ahalegina egingo dutela gaineratu du Paezek, “talde politiko guztiekin gogoeta eginez”.
SPIk eskaera seriotasunez hartu izana eskertu du, baina hainbat zehaztapen egin ditu. Horietako bat, gizarte klausulen oinarrizko araudia martxan jartzea. “Irungo Udalak ez dauka gizarte klausulak aplikatzeko irizpideak ezartzen dituen oinarrizko araudirik”. Horrek ondorio bat duela esan du, horiek aplikatzea borondate politikoaren edo langileen gogoen eskuetan uzten duela. “Gizarte klausula aplikatzeak arau orokorra izan beharko luke”, gaineratu du.
Edonola ere, udalak “urteak” daramatzala gizarte klausulak sartzearen aldeko apustua egiten adierazi du Paezek, eta hainbat adibide eman ditu. SPIk, ordea, kontratuak “berrikusteko” esan dio Paezi, eta adibide batzuk gezurtatu ditu. SPIren arabera, enplegu zentro bereziei gordetako kontratua ez da bete Ama Xantalenen, ezta zentroko elikadura zerbitzuetan nahiz laguntza zerbitzuen edo etxez etxeko laguntzan ere. Horrez gain, genero ikuspegia kontuan hartzen duen lizitazio bakarra dagoela esan du.
“Kontratazioen helburua soziala izan behar du”
EH Bilduk gizarte klausulen alorrean lan egiteko “prestutasun osoa” agertu du, eta udalak azpikontratazioen politikekin jarraitzen duen bitartean, “kontratazio horien helburua ekonomikoa izatetik soziala izatera pasatu arte” lan egingo duela.
Hala, orain arte egindako eskaera batzuk gogorarazi ditu, hala nola, gizarte jantokiaren kontratazioa landu zutenean Hala nola, kolaborazio hitzarmena edo itun berezia egitea irabazirik gabeko elkarteak kontratatu ahal izateko, kontratu erreserbatu bat egitea, izaera sozialeko kaudimen teknikoa edukitzea (alegia, aurretik halako zerbitzu batean lan izana kontuan hartzea), eta berdintasun politikak aplikatzea.
Carlos Reglado eta David Soto SPI Si Se Puede Iruneko hautetsiak.