Udalak aurretiaz eginiko aukeraketa batetik hautatu beharko dituzte herritarrek hiru kontzertu egunetarako taldeak.
Parte hartze prozesu bidez aukeratzen dira sanmartzialetako hiru egunetako kontzertuak Irunen, baina aurten aldatu egingo du prozedura udalak. Hala, udalak aurretiaz egindako hautaketa batetik egin beharko dute aukeraketa herritarrek.
Juncal Eizagirre Kultura zinegotziak azaldu duenez, arrazoia izan da hainbat musika taldek ez zituztela udalak jarritako baldintzak betetzen, eta horregatik, jendeak egindako aukeraketatik bozka gehien jaso zituzten taldeak ez zituztela udalaren baldintzak betetzen, baizik eta zerrendan nahiko azpian zeuden taldeak. “Iaz gehien bozkatutako zerrendatik 13.enak betetzen zituen baldintza guztiak, eta duela bi urte 24.enak”.
Udalak jarritako baldintzak hiru dira: aurrekontua betetzea, libre egotea data horietan —”eta ekainean ez da erraza izaten, talde asko daudelako biran”, azaldu du Eizagirrek— eta kontzertua doan emateko prest izatea.
Aurtengo jaietarako, beraz, ehundik gora talde aztertu ondoren, egungo musikaren panoraman dauden taldeen artean eta aurreko urteetan boto gehien lortu dituztenen artean, 53 proposamen egin ditu udalak. Horiek
webgunean argitaratu ditu, eta webgunetik bertatik eman daiteke botoa. Horrez gain, CBAn ere toki bat jarriko dute botoa eman ahal izateko, hilaren 22ra arte. Astebeteko epea izango da horretarako. Botoa emateko bi baldintza bete behar dira: Irunen erroldatuta egotea eta 16 urtetik gora izatea.
Hiru kontzertutarako taldeak aukeratu beharko dira; bana eguneko: ekainaren 23an, euskaraz abesten duen talde bat; 25ean talde baten omenezko bat, eta 28an estatuko talde bat.
Kartelaren saria 1.000 eurora igo dute
San Pedro eta San Martzial jaien kartel onenaren saria handiagoa izango dela aurten jakinarazi du Eizagirrek: “Udalak ahalegin bat egin du, eta 900 eurotik 1.000 eurora igo dugu”. Horrez gain, 200 euroko accesit bat egongo da. Lanak apirilaren 7tik 22ra aurkez daitezke.
Aurtengo beste berritasuna artista batzorde batek aurre aukeraketa bat egingo duela da. Herritarrek finalera pasatzen diren kartelen artean aukeratu beharko dute. 40 kartel baino gehiago izanez gero, 10 pasatuko lirateke finalera, eta 40 kartel baino gutxiago aurkeztuz gero, 5 kartel.
Kartelak maiatzaren 3tik 16ra bozkatu ahal izango dira udalaren
webgunean eta CBAn.
Horrez gain, herritarren batek, talderen batek edo beste norbaitek jaietarako beste ekarpenen bat egin nahi izanez gero, HAZan egin dezake apirilaren 1era bitartean.

Juncal Eizagirre