Enchiriadis eta Hondore taldeek abestu dute lehen bi egunetan. Hurrengo igandean itxiko da Hondarribiko 34. Eliz Musikaldia.
Guilmanten 3. meza solemnea korutik interpretatu zuen Hondore taldeak
Pasa da Eskifaia elkarteak antolatzen duen Hondarribiko Eliz Musikaldia zikloko lehen asteburua. EAEko eliz musika ziklo zaharrena da Hondarribikoa, eta urtero maila handiko taldeak erakartzen ditu. Aurten, baina, espero baino jende gutxago hurbildu da asteburuan parrokiara, bereziki larunbatean.
Enchiriadis emakumezko abesbatzaa ireki zuen aurtengo Eliz Musikaldia. Aragoiko emakume ahots onenetakoak elkartzen dira Enchiriadis taldean, eta haien ospearen arrazoia erakutsi dute Hondarribian. Lehen zatia korutik egin zuten eta bigarrena aldaretik; egon zirenek “emanaldi paregabea” izan zela baieztatu zuten. Besteak beste, Javier Busto hondarribiarraren
Salve Regina interpretatu zuten bigarren zatian.
Atzo, igandez, Gipuzkoako abeslariak biltzen dituen Hondore Abesbatzak eman zuen kontzertua (irudian). Saio osoa korutik egin zuten, eta publikoak pantaila bidez jarraitu ahal izan zuen. Jesus Mari Unanuek zuzenduta, eta Ana B. Garcia andoaindarra organoan eseri zelarik, Alexandre Guilmanten hirugarren
Messe Solemnelle Op. 11 interpretatu zuen Hondorek.
Hurrengo asteburuan bukatuko da 34. Eliz Musikaldia. Aurten formatua laburtu dute eta larunbatean ez da kontzerturik izango. Iganderako, aldiz, saio bikoitza prestatu dute. Xatz Eskifaia ariko da aurrena, eta ondoren, Beasaingo Loinatz eta Eskifaia Abesbatza koruak elkarrekin, Gorka Aierberen zuzendaritzapean.