iñaki Garrido Yerobi historialaria eta genealogista. Irundarrek 1525etik zeramaten Hondarribirekiko independentzia eskatzen, baina XVIII. mendera arte itxaron behar izan zuen. Besteak beste, udaletxe berriak eman zion hauspoa helburua lortzeko.
Duela bi aste hitzaldi bat eman zenuen udaletxeko areto nagusian Irunen indepedentziaren 250. urteurrenaren harira. Aretoa goraino bete zen. Helburuak beteta?
Ez zen ohiko hitzaldia izan. Performance txiki bat egin genuen: bi lagun XVIII. mendeko janzkerarekin agertu ziren gizonei izenak hartzen. Eskribauak izen horiek paper batean jarri eta zilarrezko jarroi txiki batean sartu zituzten. Jendea harrituta geratu zen. Hitzaldia jarraitu nuen, eta handik minutu batzuetara berriro sartu ziren lau pertsona dokumentua irakurtzera. Kontua da 1766an udalari eman zitzaiola salbuespen hori, eta udalak jabetza hartu zuela. Jabetza hartzea islatzeko bizilagun batzuek leihoak eta ateak ireki eta ixten zituzten; antzinako sistema bat zen. Bukaeran irakurri zen lehen udalbatzako dokumentua eta nola osatu zen. Jarroi horretan sartutako izenetatik bederatzi atera ziren, eta gero zin eman zuten. Antzezpen horrekin jendeak irudikatu zuen nola izan zen dena.
250 urte pasatu dira Irunek Hondarribirekiko independentzia lortu zuenetik. Aurretik zein izaera zuen?
1766ra arte Hondarribiko eremuan zegoen, baina Irunek bazuen udaletxe bat. Hainbat eskumen zituen, baina, adibidez, justizia Hondarribiaren menpe zegoen. Horren ondorio bat zen, adibidez, Irunek ezin zituela harrizko etxeak egin, ezin zituztela zergak jaso, prezioak ezin zituela jarri (ogia, haragia…). Esate baterako, 1759an istilu bat izan zen. Irungo biztanle batzuek tabakoa lantzen zuten, baina ilegala zen. Hondarribiko alkateak salatu zuen, eta soldaduak bidali zituen eta istiluak egon ziren, ezpatekin eta guzti. Jendeak zaurituta bukatu zuen. Irun 1525etik independentzia eskatzen joan zen, lau aldiz lortzekotan izan zen, baina ez zuen lortu. Aldundia alde bazegoen arren, Gerra Idazkaritzara jotzen zuen, eta hor argudiatzen zuen Irunek ezin zuela independentzia lortu frantsesak sartuko zirelako, eta hurrena erortzen Hondarribia izango zelako.
Inaki Garrido Yerobi 2
Bosgarrenean zer gertatu zen independentzia lortzeko?
Beste garai bat zen, XVIII. mende erdialdea, eta beste errege bat zegoen. Independentzia lortzeko ordaindu behar izaten zen, eta erregeak dirua ere behar zuen. 1742an Irun udaletxe berria egiteko kudeaketak egiten hasi zen, 1754an jarri zen lehen harria, 1763an inauguratu zuten eta hiru urte beranduago lortu zuen independentzia. Hau da, aurretik lotu zuten dena independentzia lortu ahal izateko. Horrela ikusarazi nahi zioten erregeari Irunek bazuela dirua.
Horrez gain, erregeak frantsesei aurre egiteko hiri bat prestatu nahi zuen. Hondarribia harresiz inguratutako herri bezala geratu zen, XVIII. menderako nahiko atzeratuta, eta erregeak muga mantentzeko ideia zuen, beste hiri mota bat eraikiz, beste sistema batekin.
Betidanik hiri estrategikoa izan da, beraz.
Bai. Irun beti egon izan da toki estrategikoan. Are gehiago, 1659an Pirinioetako muga ezartzen denean, Irunen bukatzen da; justu kokatzen da Faisaien Uhartean. Bere garrantzia zuen Europako xake joko horretan. Hiri koltxoi bat bezala zen, gatazkan eror zitekeen bi estatuen artekoa.
Nola uler daiteke horrelako historia eduki duen hiri batek independentzia lortu zuenetik bakarrik 250 urte izatea?
Egoera aldatu zen, eta 1614an Gipuzkoan herri askok lortu zuten independentzia: Andoain, Urnieta, Tolosaldeko hainbat herri… Irunek ere eskatu zuen, baina Hondarribiak ez zuen onartu. Azkenean, XVIII. mendean, irundarrek dirua zuten, eta egoera politikoa ere aldatu zen: 1766an Espainia eta Frantziaren artean lasaitasuna zegoen. Bi dinastiak berdinak dira, eta relax garaia izan zen 1730tik 1790 ingurura. Beraz, bakea zegoenez, erregeak hiria sortzeko lasaitasun handiagoa zuen. Gainera, Carlos III.a erregeak beste mentalitate bat zuen.
Independentziaren atzean zein pertsona zeuden?
Denak ziren. 1766ko martxoaren 9an lehen udalbatza sortzen denean, 232 biztanle bildu ziren. Horiek alkatea izendatu zuten, beren dirua jarri zuten gastu guztiei aurre egiteko. Gestio guzti horiek egin aurretik, ordea, egon zen lanean apaiz bat, Juan Jose Agirre. Dokumentu batean biltzen da zein gestio egin zituen, non izan zen… Azpian egon zen lan bat beste batek egin zuena.
Independentziarengatik zer irabazi zuen Irunek eta zer galdu zuen Hondarribiak?
Hondarribiak galdu zuen eremu bat, eta etorkizunari begira ere asko. Kontuan izan behar da Hondarribiko eremuan sartzen zirela Irunez gain, baita Lezo eta Pasaia ere. Bestetik, ziurtasuna ere galdu zuen, zati bat kendu eta erortzen bazen, frantsesak gertuago zeuden. Irunek dena irabazi zuen: alkate propioa izanda, alkateak jartzen zituen edarien edo ogiaren prezioak, justizia ematen zuen. Azken finean, herri propioa da, independentea eta bere lege propioak ditu. Horren ondorioa izan zen geroz eta biztanle gehiago eskuratzen joan zela. 1766an 2.500 biztanle inguru zeuden Irunen, eta mende horren bukaeran 5.000tik gora.
Udaletxearekin erregeari ikusarazi nahi zioten Irunek bazuela dirua”
Independentziaren harira, egon ziren liskarrak Irun eta Hondarribiaren artean?
Mantendu ziren. Esaterako, ibaia esplotatzeagatik, edo lur zati batzuen inguruan ere izan zituzten tira-birak, batek esaten zuelako bereak zirela eta besteak, berriz, bereak…. Hala eta guztiz ere, beti eduki dituzte istiluak.
Udaletxea ere garai hartan eraiki zen. Beraz, independentziarekin erabat lotuta dago eraikina.
Udaletxeko lehen harria jarri zenetik 260 urte beteko dira aurten. 1763ko urtarrilaren 1ean ireki zen. Erabat lotuta dago. Udaletxe hori kanpotik begiratuta gaztelu bat bezalakoa da. Bere garaian egin zen Gipuzkoako udaletxerik handiena izan zen. Bertan zeuden kartzela, artxiboa…
Eta zergatik egin zuten hain handia?
Aipatu bezala, erregeari erakustarazteko dirua bazutela, eta errege familia bazetorren ere hemen lekua izateko, ondo egoteko eta beraiek ikusteko Irun hazi egin zela eta dirua soberan zuela. XVIII. mendeko
bilbainada bat.
Nola izan ziren independentzia lortu ondorengo lehen uneak? Adibidez, lehen udalbatza?
Dekretu batean jasota dago hori, otsailaren 27ko data dauka. Azkoitiko batzarretara eramaten da, eta handik etortzen da korrejidorea hori guztia irakurtzera, hiritarrei euren jabetza emateko. 1766ko martxoaren 9an udalbatza antolatzen da, korrejidoreak hori guztia irakurtzen du: bizilagunen artean bederatzi hautagai aukeratzen dituzte eta udalbatza izendatzen dute. Sistema ezberdina da: errolda bizilagun zinegotzigaiak [vecinos concejantes censitarios] dira. Horiek baldintza batzuk bete behar dituzte: kaperotasun auzia (odolaren garbitasuna) eta ondare kopuru bat. Eta gizonak izan zitezkeen bakarrik. Horrela, izendatzen dituzte alkatea eta hautesleak. Martxoaren 12, 15, 17 eta 18an lur eremuen jabetza egin zen lau etapetan. Azkenean finkatu zituzten mugak martxoaren 24an. Alkatea aukeratutakoan errejidoreak udalbatzako makila eman zion eta jabetza hartu zuen makila eskuetan zuela.
Nor izan zen lehenengo alkatea?
Domingo Ignacio Olazabal. Udalbatzak erabaki zuen aurretik kargua zituztenak mantentzea, urte bukaera arte. Gero urtarrilaren 1ean egin zen berriro udalbatza, eta hurrengo karguak aukeratu ziren. Sistema hori erabili zen 1840. urte ingurura arte. Interesgarria zen, ezin zutelako karguetan errepikatu, ezin zuten familiakoak ere izan, ez apaizak edo militarrak… ustelkeria saihesteko egiten ziren horrelako ekinbideak. Orduan, urtero berritzen zen udala, urtarrilaren 1ean.