Gutun banaketatik ekarpen bakarra jaso du Alde Zaharra-San Juanek
Bilera berri bat deitu du auzo elkarteak, eta larunbat honetan izango da, 18:00etan, Ospitale Zaharreko batzar gelan.
San Martzial Karrikan udala egitekoa den lanen harira, Alde Zaharra-San Juan auzo elkarteak parte hartze prozesu bat ireki zuen, eta hirigintza esku hartzea jasango duten 163 etxeetan gutunak utzi zituen, auzotarren ekarpen eta iradokizunak jasotzeko. Horietatik erantzun bakarra jaso duela jakinarazi du auzo elkarteak. Duela hogei egun egin zuen banaketa, eta bizilagunek hamar eguneko epea zuten.
“Eskerrak eman nahi dizkiogu, San Martzial Karrikako familien %0,61 den bizilagun honi, bere interes eta inplikazioarengatik”, adierazi du Alde Zaharra-San Juan auzo elkarteak.
Elkartearen asmoa hirigintza proiektu horrek bizilagunen eskaera eta beharrei erantzutea da, “zuzenean beraiei galdetzea baino bide hoberik ba al da?”, galdetu du, berandu izan baino lehen eta gauzek irtenbidea duten bitartean iradokizun eta ekarpenak sartu ahal izateko momentua da”.
Jardueraren erantzun eskasa ikusita, bilera berri bat deitu du larunbat honetarako, hilak 19, 18:00etan, Ospital Zaharreko batzargelan.
Bilera horretan auzotarren proposamen, kexa, hausnarketa, kezkak eta bestelakoak jasoko dituzten, eta bertan parte hartzera animatu ditu bizilagun guztiak.