Gai organikoen bilketak %8,6 egin du gora eta tasa orokorra ia 3 puntu hazi da, %43,6raino. Leire Zubitur Txinzerreko gerenteak uste du "oraindik bide luzea" geratzen dela.
2015ean %2,69 gora egin eta gero, Irun eta Hondarribiko birziklatze tasa %43,59ra iritsi da. Txingudiko Zerbitzuak (Txinzer) erakunde publikoak nabarmendu du 2015ean “goranzko joera” mantendu zela eta zabortegira eramandako hondakinen bolumena %1,29 jaitsi zela: “Horrek, ingurumenari begira onuragarria izateaz gainera, zabortegiratze kostuetan aurrezkia ekarri zion eskualdeari”.
Emaitza onak direla sinistuta dago Txinzer
Leire Zubitur Txinzerreko gerenteak datu onak direla adierazi du, baina Europako Batasunak nahi dituen datuak oraindik urruti daudela onartu du. “Birziklatze tasan goranzko joera izaten ari gara, eta hori berri ona da betiere. Gorakada motela da ordea eta, hurbiltzen ari bagara ere, oraindik bide luzea dago egiteko Europar Batasunaren agindua betetzeko, 2020. urtean %50era iristea alegia”.
2015eko birziklatze tasaren igoeraren arrazoi handiena gai organikoen bilketako hazkundea izan zen, %8,6ko igoera izan baitu, 3,6 tona jasotzeraino. Dagoeneko 17.108 dira edukiontzi marroirako izena emanda dauden Irun eta Hondarribiko familiak, “kontratuen erdia baino pixka bat gehiago”. Hori horrela, izena emanda ez daudenei baino hondakin tasa txikiagoa aplikatzen hasi da Txinzer, “parte hartzea bultzatu ahal izateko”.
Beste gaiei dagokienez, birziklatze kopurua handitu da pilak (%11,4), ehunak (%6,2), beira (%1,4), ontziak (%1,7), eta bereziki, gailu elektrikoak (%12) eta etxeko hondakin arriskutsuetan (%45,4). Aldiz, jaitsi egin da irundarrek eta hondarribiarrek birziklatzeko bereizi duten paper (%3) eta sukaldeko olio (%14) kopurua.