Indian Wells txapelketako lehen errondan Nicolas Almagro kanporatu du eta munduko 12.aren kontra jokatuko du gaur.
Beste urrats handi bat eman du Iñigo Cervantes tenislari hondarribiarrak kirolari bezala. Lehen garaipena lortu du ATP World Tour Masters 1000 txapelketa batean, eta ATP 1000 handienean lortu du, Californiako
Indian Wells Irekian. Lehen errondan Nicolas Almagro espainiarra gainditu zuen hondarribiarrak 5/7, 6/3 eta 6/4.
Top50ean sartzetik gertu da Iñigo Cervantes
Azken urteko emaitzen ondoren, Masters 1000 torneo batean jokatzea saria izan da Cervantesentzat, baina egunetik egunera ari da erakusten bere garapenak oraindik ez duela mugarik. Hala, bere lehen saiakeran lortu du lehen garaipena Masters 1000 txapelketa batean. Astea ATP zerrendako 59. postuan hasi du, baina atzo lortutako puntuekin baliteke hurrengo astelehenean gorago egotea.
Almagro kanporatu eta gero Indian Wellseko bigarren errondan Milos Raonic kanadarraren kontra jokatuko du Cervantesek. Munduko 14.a da eta torneoko 12. zerrenda burua. Partida oso zaila izango da, baina gauza bat argi dago, hondarribiarra ez da kikilduko. Izan ere, hemendik aurrera munduko onenen kontra lehiatu beharko da Iñigo Cervantes.
Grand Slamen atzetik, onenak
Lau Grand Slam torneoen ondoren (Australiako Irekia, Roland Garros, Wimbledon eta AEBko Irekia), tenis zirkuitu profesionalean garrantzia handiena duten txapelketak dira ATP 1000 torneoak.
ATP 250 eta ATP 500 torneoek baino puntu gehiago banatzen dituzte —1000 puntu irabazlearentzat—, eta, hori horrela, ATPko Top100ean dauden tenislari gehienentzat urteko txapelketa garrantzitsuenak izaten dira.