Asteburuan ez galtzeko gida azkarra
Asteburuan ez galtzeko gida azkarra prestatu dugu, gaur, bihar eta etzi Hondarribian egin daitezkeen planetako batzuk auzoz auzo biltzen dituena.
Alde Zaharrean
Gaur ostiralez, Laburbira film laburren emanaldia izango da Kultur Etxeko areto nagusian, 20:00etan. Zortzi lan hunkigarri ikusteko aukera izango da, barre egitekoak, beldurrezkoak, edota tximeletak sabelean pizteko modukoak. Gaur ere, eta eraikin berean baina 103. aretoan, Emakumearen Asteari lotutako hitzaldia, 1950-1960 sasoian Ipar Euskal Herrira ikastera edo lan egitera Bidasoa zeharkatu zuten emakumeei buruz. Rosa Arburuak emango du hitzaldia, eta ondoren solasaldia egingo dute. Asko dira frankismoan Hondarribitik alde egin behar izango zuten emakumeak, eta horiei agertzeko eskatu diete, euren esperientzia konpartitu dezaten. Kultur Etxetik metro gutxira Arma Plaza kultur gunean Emakume artisten erakusketa dago, Emakumearen Asteari lotuta hau ere. Merezi du bisita. Larunbatan ere, arratsaldez, futbolin txapelketa dago Muara tabernan. Eta ezin ahaztu 34. Eliz Musikaldia. EAEko eliz musika ziklo beteranoena da, eta asteburuan, bi emanaldi izango dira, larunbatean Enchiriadis emakume talde aragoiarrena, eta igandean Hondore donostiarrena. Biak 19:30ean eta doan. Alde Zaharrarekin bukatuz, Klink elkartean kantu bazkaria egingo dute igandean, Kantaka elkarteak antolatuta —sarrerarik ez da geratzen—.Portua auzoa
Asteburu honetan plan polit asko egongo dira Hondarribiko Portuan egiteko, larunbat eta igandez, goiz eta arratsaldez, eta noski, baita gauez ere. A priori, ekitaldi nagusia Basque Market artisautza azokaren lehen ekitaldia izango da, azokaz gain, hainbat ekitaldi paralelo antolatu baitituzte: hitzaldiak, tailerrak, zuzeneko musika… Itsas Etxean egingo dute, bi egunetan, 10:00etatik 20:00etara. Sarrera doan da. Igandean konpetentzia itzela izango du Basque Marketek, herri olinpiadekin. Azoka irekiko duten ordu berean daude deituta gazteak Altxorraren bila abiatzeko. Herri osoan ibili beharko dute antolatzaileek ezkutatutako probak gainditzen, baina aldiro Butron pasealekura itzuli beharko dute, Kai Zaharreko espigoira. Olinpiadetako proba ikusgarrienetakoa da Altxorraren bila (ikusi iazko argazkiak) eta aurten berrikuntzekin dator. Ikustekoa izango da. Eta Kai Zaharretik irten gabe, Ezagutu zure hiria programari lotutako bisita gidatua egingo dute larunbat goizean. 11:30ean Mariñel ontzitik abiatuta, Hondarribiko 120 urteko ontzigintza aztertuko dute. Ezinbestekoa da izena ematea, 943 64 36 77 telefono zenbakian egin daiteke.Puntala
Emakumearen Asteko ekitaldi nagusietako bi Puntalean burutuko dituzte asteburuan, bertako eskola zaharrean egoitza baitu Emeki elkarteak. Larunbatez emakumeen afari-merienda interkulturala egingo dute, 18:30etik aurrera. Hondarribian bizi diren hainbat jatorriko emakumeak elkartzeko aitzakia da, baita haien herrialdetako jakiak dastatzeko. Eta igandean, Maria Teresa Oronoz Elizazuk omenaldi hunkigarria jasoko du. Frankismo garaian alde egin behar izan zuten emakumeak izan dituzte gogoan aurtengo Emakumearen Astean, eta haien adibide gisa harturik, Oronoz omenduko dute igandean Puntaleko eskolan. 12:30ean hasiko da eta ez da ezer faltako: bertsoak, trikitilariak, txalaparta, zer edo zer jan eta edateko, eta giro paregabea. Gainera, asteartetik Emeki elkartearen urteko tailerretan egindako lanak ikus daitezke Puntaleko eskola zaharrean, eta oraindik ikusi ez dituenak, larunbat arratsean edo igande eguerdian aukera izango du.Hondartza auzoa
Larunbat gauean asteburuko une ikusgarriena iritsiko da, eta Hondartza auzotik jarraitu beharko da. Gure Esku Dago plataformako Hondarribia, Irun eta Hendaiako taldeek Bidasoa ibaiaren bokaleko bi espigoietatik 500 kriseilu askatuko dituzte, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko. Ametsek mugarik ez dutela erakutsiko nahi dute eta zerua argituz egingo dute. 21:30ean hasiko da ekitaldia eta kriseiluak bertan erosteko aukera izango da, 2,5 euroan. A, eta txokolate beroa banatuko dute. Bestela, neguan kirolerako izaten da Hondartza auzoa, askoz gehiagorako giroa ez baita izaten. Herriko kirol talde gehienek jokatzen dute bertan eta asteburu honetan badira intereseko partida ugari. Besteak gutxietsi gabe, Hondarribia Ikasbasket taldeak lauko finalerako txartela ziurtatu nahiko du aurkari zuzen baten kontra, Bera Bera Grosen kontra irabaziz. Larunbatean izango da, 20:00etatik aurrera, kiroldegian. Igande goizean giro polita izango da Hondartzan ere,, kirol kaian egingo duten Brokante eta Bilduma azokaren aitzakiarekin.Beste auzoetan
Portuan, Alde Zaharrean, Puntalean eta Hondartzan antolatuko dituzte asteburuko ekitaldi gehienak, baina beste auzoetan bada besterik. Horietako batzuk, hemen: Larunbatean- 13:00etatik aurrera, Hiruzta upategian, Jaitzubia auzoan. Txakolin uzta berriaren aurkezpena eta bertso-bazkaria.
- 08:30ean Jaizkibeleko paradore zaharretik abiatuta, itsaslabarra ezagutzeko irugarren eta azken txangoa, Blagan euskara elkarteak antolatuta.
- 11:00etan, Guadalupeko gotorlekuan, bisita gidatuak. Larunbata baino lehen eman behar da izena, 943 64 63 77 telefono zenbakira deituz.
- 17:00etan, Amuteko elizan. Gipuzkoako Haur abesbatzen kontzertu solidarioa, Nava Jeevan-Bizi Berria elkartearen alde.