34 urte beteko ditu Hondarribiko Eliz Musikaldiak
Larunbatean Enchiriadis emakume talde aragoiarrak abestuko du parrokian, eta igandean, Donostiako Hondorek.
Eskifaia Elkarteak 34. Hondarribiko Eliz Musikaldia antolatu du, udalaren eta parrokiaren laguntzarekin. EAEko eliz musika ziklo beteranoena da, urtetik urtera, eliz musika lantzen duten talde handiak erakartzen dituena. Aurten hiru emanaldi prestatu dituzte, bi asteburu honetarako, eta beste bat hurrengo iganderako. Kontzertu guztiak Alde Zaharreko parrokian egingo dira, 19:30etik aurrera, eta doan. Bihar hasiko da zikloa, Zaragozako Enchiriadis abesbatzaren kontzertuarekin. Aragoiko emakumezkoen ahots onenetakoak biltzen ditu taldeak, eta bi zatitan banatu dute emanaldia. Lehen zatian korutik abestuko dute, eta bigarrenean, aldaretik. Bigarren zatian, besteak beste, Aita Donostiaren Agur Maria eta Javier Busto hondarribiarraren Salve Regina interpretatuko dituzte. Igandean, Donostiako Hondore abesbatzak bisitatuko du parrokia. 1996an sortu zen korua, Gipuzkoako hainbat abesbatzetako kideen ekimenez. Abesbatza musikak eskaintzen dituen aukeretan sakontzea da Hondoreren helburua, eta Hondarribian, Alexandre Guilmant (1837-1911) konpositore eta organo-jolea omenduko dute, bere hirugarren Messe Solemnelle Op. 11 interpretatuz. Ana B. Garcia andoaindarra eseriko da organoan, eta ohi bezala, Jesus Mari Unanuek zuzenduko du taldea. Hurrengo asteburuan itxiko da Hondarribiko 34. Eliz Musikaldia, hilaren 20an, emanaldi bikoitzarekin. Xatz Eskifaia ariko da aurrena, eta ondoren, Beasaingo Loinatz eta Eskifaia Abesbatza koruak elkarrekin, Gorka Aierberen zuzendaritzapean.