Bi film proiektatuko dituzte Kabigorrin, datorren ostegunean.
Datorren astean zehar, Ekologistak Martxan taldeak antolatutako Ekozinemaldia izango da Euskal Herriko zenbait txokotan, Irunen, kasu. Hala, zine ekologikoaren zikloaren barruko bi film proiektatuko dituzte datorren ostegunean, hilak 17, Kabigorrin. Biek energiaren gaia landuko dute.
Lehenengo ikus-entzunezkoa
This is our energy reality film laburra izango da. Munduak bizi duen energia errealitate gordina azaleratuko du, musika harrigarri batekin. Aldaketa garaian gaudela kontatuko du, ustez merkea eta ugaria zen erregai fosiletik muturreko energiaren garairako tartean.
Bigarrena, berriz,
Crudo Paraiso izango da, Blanca Ordoñez de Tenarena. Kanariar Uharteetatik gertu, uretan, Repsolek egindako petrolio prospekzioen gainekoa da; izan ere, Espainiako Gobernuak horiek egiteko baimena eman zion petrolio enpresari. Ikus-entzunezkoan galdetzen dute ea jasangarria ez den kontsumo eredua mantentzeko zenbat denbora pasatu behar duen gobernuek euren politikak aldatzeko eta energia berriztagarrien aldeko apustua egiteko. Alternatibak badaudela azalduko dute.
Proiekzioa 19:00etan hasiko da.
‘Crudo paraiso’ dokumentala