Martxoko Itun Batzordearen bileran martxan jarriko dute bosgarren eta azken bizitokia izango den etxearen eraikuntza prozedura.
Oinaurre eremua berriro partzelatzeko proiektuaren ondorioetako bat bost etxebizitza botatzea izan da, eta udala kaltetutako familiei etxebizitzak ematen hasi dela jakinarazi du gaur Xabier Iridoy Hirigintza zinegotzia. Kaltetutako etxeak Oinaurren (hiru familia) nahiz Belitz eremuetan (bi familia) kokatzen ziren.
Iridoyk azaldu duenez, “premiazkoa” izan zen bost etxebizitza horiek botatzea; izan ere, bideen arteko konexioak hobetzeko bertako errepidea egokitu beharra ikusi zuten, eremu berria inguruarekin komunikatzeko. Esate baterako, Txenperenearekin, oraindik garatu gabe dagoen gunearekin.
Dagoeneko Oinaurreko bi familia, ordezko behin betiko etxebizitzan bizi dira, Iñude kalean. 2015eko uztailean, berriz, Iñude kalean bertan bi familiako etxebizitza eraikitzeko obra esleitu zutela gaineratu du Iridoyk. Horra joango dira behin betiko bizitzera Oinaurreko hirugarren familia. Egun ordezko etxebizitza batean bizi da.
Bi familiako etxebizitza horretara joango dira ere Belitz eremuan kaltetutako familia bat. Abenduan onartu zuten Belitzeko bigarren familiari bizitokia bermatzea ere. Izan ere, hasiera batean ez zegoen aurreikusia. Hala, Iridoy aurreratu duenez, Itun Batzordearen hurrengo bileran martxan jarriko dute bosgarren bizitokia emateko etxearen eraikuntza prozedura.
Xabier Iridoy Hirigintza zinegotzia