Gazte Mailan, berriz, Ana Gomezek ere brontzezko domina eskuratu du 60 metroko proban.
Espainiako Pista Estaliko Txapelketatik domina eskuan duela bueltatu da Malen Ruiz de Azua: brontzezkoa. 4,15 metroko jauziari esker lortu zuen podiumera igotzea. Ondoren, beste ahalegin bat egin zuen 4,20 metroko jauziarekin, baina ez zuen lortu, eta ondoren, urrearen bila atera zen beste bi jauzirekin, 4,25 metrokoak, baina ez zuen lortu.
Lau atleta eraman zituen BAT Bidasoa Atletiko Taldeak Madrilera, eta gainontzekoak ere fin ibili ziren. Mikel Camponek seigarren egin zuen pertikarekin, 4,80 metroko jauzia eginez. Finalean aritu zelako pozik geratu zen, ez, ordea, egindako markarekin.
Nerea Sarriegiren helburua eskarmentua jasotzea zen bere lehenengo Espainiako Txapelketan. 1500 metroko proban ezin izan zuen finalerako sailkatu, 4.50,51eko denbora egin zuen. Okerrena oinazpian faszitisa duela, eta ezin izango du Espainiako Kros Txapelketan aritu.
Azkenik, Clara Viñarasi dagokionez, min hartuta joan zen lehiara, baina ez zen erretiratu, eta hamabigarren egin zuen, 10,23ko denborarekin.
Gazte Mailan ere brontzea
Lehiaketa berean, baina Gazte Mailan beste brontzezko domina bat lortu du BATeko atleta batek: Ana Gomez. 60 metroko proban 7,93ko denbora egin zuen, eta horri esker, podiumera igo zen. Guztira, BATeko sei atletek parte hartu zuten.
Malen Ruiz de Azua (ezkerrean) Bidasoa Atletikoko taldekideekin, Espainiako Pista Estaliko Txapelketan.