Langabezia gehien pairatzen dutenak emakumeak direla gogorarazi dute martxoaren 8aren harira.
Hondarribiko Abotsanitz alderdiak “emakumeentzako aukera berak” eskatu ditu Emakumearen Egunaren harira. Herriko langabezia tasa %10,4koa dela eta langabeen artean emakumeak gehiago direla ohartarazi du Abotsanitzek: “857 langabetu guztira, eta horietatik 497 emakumeak dira. Kopuru horri gehitu behar zaizkio beste familia arloko hainbat ardura haien gain duten emakumeak”.
Hori horrela, Gipuzkoako mugimendu feminista eta asoziatiboaren bat eginez, ezker abertzaleko alderdiak uste du “erakunde publikoen betebeharra dela bermatzea emakumeentzako aukera berak sistemako alderdi guztietan, parte hartzeko zein baliabideak inbertitzeko”.
Hondarribiko Udalari eskakizun zehatz bat egin dio Abotsanitz taldeak. Emakumeentzako arrain eta barazki kontserben kooperatiba bat sustatzea eskatu dute: “Ideia 2014an zenbait emakumezko hondarribiarrek egindako proposamena da. Foru Aldundiko Langileria Teknikariak bideragarria ikusi zuen, eta gazte eta baserritarrentzako kooperatiba ideiarekin lotu zuen”. Oposizioko lehen taldeak erantsi duenez, aldundiak 100.000 euroko partida izendatu zuen helburu horrekin.
Bestetik, “Berdintasun teknikariaren kontratazio arintzea” galdegin dute. Besteak beste, indarkeria matxistari aurre egiteko udala prestatzen hasi den protokoloa landu beharko luke teknikari horrek.