Parte hartze handia izan dute sariek: 372 egile izan dira, eta guztira, 417 lan aurkeztu dituzte.
Igande honetan, hilak 13, banatuko dituzte Asun Casasola Ipuin Motzen lehiaketako sariak. Aurretik ezagutarazi dituzte, ordea, nortzuk izango diren sarituak: Nerea Sarriegi Atienza (Hondarribia) euskarazko atalean
Zeinek lortu du? kontakizunarekin eta Alicia de Ferrari (San Pedro, Argentina) gaztelaniazkoan
Como el viento lanarekin.
TAS Txingudi AntiSexista Asun Casasola sarien antolatzaileak eskerrak eman dizkie lanak aurkeztera animatu diren guztiei, kontuan izanda aurtengo partaidetza handia: 372 lagunek aurkeztu dituzte lanak (guztira, 417 lan izan dira, iaz baino 108 gehiago). Horren aurrean, gizartea aldatzeko beharra berretsi du TASek, eta emakumeen kontrako indarkeriaren gaitza behingoz geldiarazi behar dela esan du.
Hain zuzen, azaroaren 25ean, egin zuten lehiaketaren aurkezpena, eta martxoaren 8aren testuinguruan egingo dute sari banaketa. “Data seinalatua” dela esan du TASek, “gizon edo emakume izateak aukerak baldintzatzen ez dituen gizarte bat eraikitzeko; baita bizitza duina aldarrikatzen duena ere, indarkeria mota guztietatik aske”.
Sari banaketa igandean izango da, 18:00etan, Urdanibia plazan. Iaz bezala, aurten ere sariak banatzea enkargatu dute, eta iaz eskualdeko kazetariei tokatu bazitzaien, aurten hezkuntzari lotutako pertsonek banatuko dituzte sariak. Era horretara, gizarte berria eraikitzeko eurek duten garrantzia islatu nahi dute antolatzaileek.
Asun Casasola Lehiaketaren bigarren ekitaldiaren aurkezpena