Eudelen adierazpen instituzionala onartu du Hondarribiko Udalak, aho batez
Indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloa lantzen hasi dira alderdiak.
Emakumeen Nazioarteko Egunean, eta Toki Bizitzako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Europako Gutunaren 10. urteurrena bete delarik, “berdintasuna inplementatzeko konpromisoa” berretsi du Hondarribiko Udalak. Gai honetan izan ditzaketen desadostasunak alde batera utzi eta testu bateratua onartu dute alderdiek. Alderdi guztiek bat egin dute EUDELek onartutako adierazpen instituzionalarekin, eta modu horretan, Europako berdintasunerako Gutunari bultzada eman diote. Era berean, genero-indarkeriaren aurkako protokoloa lantzeko konpromisoa berretsi dute alderdi guztiek, eta lehen aldiz, herriko emakumeen historia ikertu eta ezagutarazteko beka bat deituko du aurten udalak. Hondarribiko Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek sinatu dute testua, EAJk, Abotsanitzek, EH Bilduk, PSE-EEk eta PPk.