EH Bilduk Bienvenida Emazabeli plaza bat eskainiko dio martxoaren 8an, Hondarribiko kale-izendegian emakume bakarra ageri dela salatzeko.
Kattalin Erauso kalea, Zimizarga auzoan, emakume izena duen bakarra da Hondarribian
Hondarribiko EH Bilduk ekintza sinbolikoa egingo du gaur arratsean Portuan, Emakumearen Egunari lotuta. San Pedro kalean, “Hawaii txiki parean” dagoen plazatxoari Bienvenida Emazabel izena jarriko dio, 18:30ean. Modu horretara, herriko kale izendegian emakumeek duten presentzia eskasa nabarmendu nahi dute: “118 kale-izen ditugu toponimoenak, pertsonenak, erlijioari atxikitakoak edo herrienak. Izen horien guztien artean, gehiengoak toponimikoak ditugu, baina badira pertsona desberdinei emandako 25 kale-izen. Izen horietatik, bakarra da emakume bati eskainitakoa, Kattalin Erauso kalea”.
EH Bilduk ondo deritzo kale berriak sortzerakoan toponimoei lehentasuna ematea, baina gizonen eta emakumeen arteko oreka berdintzen hasteko ordua badela uste du: “Gure ustez, emakume eta gizonen arteko berdintasunari hainbeste indar ematen zaion garai honetan, hori ere konpondu beharreko gaia da”.
Hori lantzen den bitartean, Bienvenida Emazabelek bere plaza izango du gaur, modu sinbolikoan bada ere. “Martxoaren 8aren karietara, plaza hau oso herrikoia izan zen emakume bati eskaini nahi diogu: Bienvenida Emazabel Susperregiri hain zuzen, eta ekimen xume honetan, haren balioa gogoratu”.
Langilea, alaia eta herrikoia
1910ean jaio zen Bienvenida Emazabel Susperregi. Hamahiru anai-arrebetako zortzigarrena izan zen, eta oso ezaguna izan zen langilea, alaia eta herrikoia zelako. Besteak beste, arrantzaleak itsasora joateko deien eta hil-deiak herrian zabaltzeko ardura zuen, eta kofradiako mandatuak betetzen zituen. Barriotxinoko jaien antolatzaile bezala ibili zen ere.