Gazte Mailako Espainiako Txapelketan urrea lortu du hondarribiarrak. Bezperan, herriko emakume kirolari onena izendatu zuten Lidia Yarza.
Lidia Yarza, podioan (arg: Hajimejudo.com)
Bigarren urtez jarraian, Gazte Mailako Espainiako Judo txapelduna geratu da Lidia Yarza, +78 kiloetan. Larunbatean egin zuten txapelketa Pinton (Madril), eta bere pisuan urrezko domina lortu zuen hondarribiarrak. Horrenbestez, rankinean duen lehen postua sendotu du Ama Guadalupekoa taldeko kirolariak. “Lanak fruitua ematen duela ikusi dut”, adierazi zuen urrezko domina lortu eta gero
Hajimejudo.com atarian. Eskerrak ematerako orduan, “gertu” izan dituenez gogoratu zen Yarza, “nire kluba, entrenatzailea, familia, lagunak, eta bereziki, nire ama”.
Kadete Mailan bi aldiz azpitxapelduna izan zen Yarza, eta Gazte Mailako lehen urtean ere bigarren geratu zen. Baina iaz lehen aldiz urrea eskuratu zuen Madrilen eta aurten errepikatu du. Hondarribiarraren kirol garapena handia ari da izaten eta asteburuan nagusitasunez bilakatu zen Espainiako txapelduna, borroka guztiak
ippon bidez irabazita.
Adinez gaztea izan arren, aurten Espainiako Liga absolutuan hasi da lehiatzen Yarza, Valentziako Judokan taldearekin. Nolanahi ere, herriko taldean jarraitzen du entrenatzen, Ama Guadalupekoa taldean. Onartu duenez, oraindik ez du etorkizunerako helburu jakinik: “Europako Kopa batzuk egingo ditut, eta bidean ikusiko dut zer egin dezakedan”.
Yarza ez da Ama Guadalupekoa taldeko kirolari batek Espainiako Txapelketan urrea lortu duen bakarra. Izan ere,
Maialen Ramos irundarrak -63 kiloetan lortu zuen garaipena. Finalean beste irundar baten kontraborrokatu zen Ramos, Valencia Terra i Mar talde handian ari den Maitane Herrero —Valentzia ordezkatuz lehiatu zen—. Yarzak eta ramosek lortutako dominak zizan dira Euskadiko Federazioak gazteen Espainiako Txapelketan lorturiko metal bakarrak.
Herriko emakume kirolari onena
Espainiako Txapelketa irabazi bezperan,
Hondarribiko emakume kirolari onenaren saria jaso zuen Lidia Yarza judokak. Herritarren arabera, Yarza izan da azken bi urtetan kirol arloan gehien nabarmendu den herriko emakuema. Bera Madrilen zenez, bere ahizpa Enarak jaso zuen oroigarria, eta eskerrak eman zituen ahizparen partez. Mariasun Quiñones Realeko atezaina, Cyara Palenzuela surflaria, Mirene Etxeberria arku tiralaria, Angela Vilariño pilotua eta Arantza Mariskal arraunlaria ziren beste hautagaiak.
Ostiral arratsean egin zen II. Txema Olazabal Kirol sarien gala, eta Yarzaz gain, Ion Areitio (gizonezko kirolari onena), Hondarribia Arraun Elkartea (elkarte onena) eta Unai Emery (kirolarekin zerikusi duen pertsona) saritu zituzten.