Gaur elkarretaratzea izango da, 19:00etan, gertakariaren tokian, Nafarroa hiribidea eta Junkal plazatxoaren artean.
Sexu eraso bat salatzeko elkarretaratzea, joan den otsailean.
Emakume bati sexu erasoa egin diolakoan, 18 urteko gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak Irunen, larunbat goizaldean. Ertzaintzak berak jakinarazi duenez, Junkal inguruko garaje inguruan izan zen ustez erasoa, 04:00ak inguruan, emakumea etxera zihoala. Gizonak garajeetara eraman zuela eta han erasotu zuela gaineratu du.
Irungo Udalak sexu erasoa gaitzetsi du, eta gaur izango den elkarretaratzean parte hartzera deitu ditu herritarrak. 19:00etan izango da gertakarien tokian, Nafarroa hiribidea eta Junkal plazaren artean. Horrez gain, Emakumeen Mahaiari ere bideratu zaio isiltasunean elkarretaratzeko deialdia, udalak jakinarazi duenez.
Jose Antonio Santano Irungo alkateak gertakaria gaitzetsi eta deitoratu du: “Komeni da gizarte bezala emakumeen askatasunaren kontrako gertakari horiek salatzea”. Horrez gain, udalaren laguntza eta zerbitzu guztiak eskaini dizkio emakumeari, eta bere intimitate eskubidea zaintzeko eskatu du.
Bozeramaileen adierazpena, aho batez
Irungo bozeramaileen batzarrak ere “gaitzespen eta arbuiorik tinkoena” adierazi du sexu erasoaren aurrean, eta “eraso sexistarik gabeko gizartearen alde lan egiteko konpromisoa” berretsi du. Halako gertaeren aurrean, “zero tolerantzia” adierazten duela gaineratu du. Gaur goizean bildu da bozeramaileen batzarra, eta aho batez sinatu dute adierazpen bat.
Bertan udalak Emakumearen Batzordearekin batera antolatu duen elkarretaratzera joateko deialdia egin du: “Udalak dei egiten die irundar guztiei emakumeen aurkako eraso du guztiak salatu eta erasotzaileak identifikatzera”.