"Hemen itsua izatea zaila bada, han are gehiago"
Nagore Arbelaitz oftalmologo hondarribiarrak Saharara bidaiatu zuen urtarrilean Munduko Begiak GKErekin. Bi astean 150 errefuxiaturi bista itzuli zieten.
Munduko Begiak erakundearen helburua da munduko itsutasunarekin bukatzea. Saharan itsu legal pila bat daude oraindik, bi begiak kaltetuta dituztenak eta begi onarekin ehuneko hamar baino gutxiago ikusten dutenak. Hainbeste urtetan egindako lanen ondorioz, aurten eduki dugu aukera bigarren begi batzuk ere operatzeko, itsu gutxiago geratzen direlako. Helburua, beraz, bi begietako itsuekin bukatzea, eta ahal bada, gazteekin bereziki, bigarren begiak ere operatzea. Beste herrialde pobreetan dituzten arazo berak al dituzte Saharan? Katarata hain goiz edukitzeko arrazoia eguzkia da. Eguzkiarekin, gainera, ez dituzte kataratak bakarrik garatzen, baita korneako arazoak ere, opakutasunak. Arazo larriena kornean bada ezin dugu ezer ere egin, katarata bada bai, opera dezakegu. Glaukoma ere asko ikusten da, baina hango medioekin ezer gutxi egin daiteke glaukoma sendatzeko, ez dagoelako jarraipena egin dezakeen oftalmologorik. Orduan, ikusten baduzu paziente bat katarata batekin, baina begiko tentsio oso altua duena, ezin diozu ebakuntza eskaini, badakizulako ez askora itsu geratuko dela beste arrazoi horregatik. Oso hotza izan behar zara erabakiak hartzeko garaian, eta aukeratu bideragarriak diren begiak, onura aterako dutenak. Bi aste egon zineten. Zenbat ebakuntza egin zenituzten? 150 inguru, batez ere kataratak. Eta 500 eta 600 kontsulta artean. Kataratak operatzea erraza da, baina hango baldintzak ez dira idealak. Materiala, hemen zaharkitua geratu den eta bidali dena da, mikroskopio zahar bat, fakoemulsifikadore zahar bat… Ahal denarekin egiten da, ez dira medio perfektuak, baina egin daiteke. Eta, medio horiekin, bi astetan, ikusten ez duten 150 pertsonei bista itzuli diezue. Hori erraz esaten da. Zortea dugu. Horregatik gustatzen zait hainbeste nire espezialitatea, segituan ikusten delako emaitza. Ez dakit, endokrinologo bat hilabete egoten da han eta ez du hainbesteko emaitza ikusten. Gu, aldiz, egun batean kontsulta, hurrengoan ebakuntza eta hirugarrenean pazienteak ikusten du; oraindik zerbait hobetuko du bista, baina hiru egunetan, ez ikustetik ikustera pasatzen da. Guretzat oso atsegina da, eta pazientearentzat zer esanik ez. Nola hartzen dute zuen lana? Nola hartzen zaituzte zuek? Jendea oso eskertua da [aurpegia aldatu zaio]. Ez dute ezer, baina han agertzen dira hurrengo egunean ur botila batekin, edo esne litro batekin. Ezer eduki gabe… Begira, honek harritu ninduen, kontsultan norbaiti esaten bazenion berari ezin zitzaiola ezer egin, eskua ematen zizun eta eskerrak eman. Beharbada inork ez dio pertsona horri aurretik ezer esan, eta nahiz eta esan bere gaitzak ez duela erremediorik, ezin dela sendatu, eskertzen zizun, zer zeukan jakiteagatik pozik eta eskertuta zegoen. Horrekin flipatu nuen.«Erabakiak hartzean hotza izan behar zara, bideragarriak diren begiak aukeratu»
Pertsonentzat ez ezik, komunitatearentzako mesede handia da egiten duzuena. Bai, horrela da. Pentsa, hemen itsua izatea zaila bada, han are gehiago. Han ez dago ezer egokitua, ez dago ezer, basamortu erdian bizi dira, jaimetan. Han itsu izatea etxean egotea da, ezin atera. Horrela geratu da jende asko, oraindik itsu asko dago Tindufen. Bi astetan sekulako lana egin, eta hona itzuli, itsu pila bat operatu gabe utziz. Bai, baina ari da aldatzen. Niretzat lehen urtea izan da, eta harritzen dit oraindik hainbeste itsu egotea han. Baina hamar urtez joan direnek kontatzen dute ‘orain kontsultara ja etortzen dira begi bat operatuta dutenak’, aldaketa handia nabaritu dute. Uste dut 90.000 biztanle daudela Tindufen —Nazio Batuen zentsoaren arabera—eta hamabost egunean ia 600 kontsulta egin ditugu. Sei hilero hainbeste kontsulta, hori nabaritu behar da. Ebakuntzez gain, ba al da beste modurik sahararren begietako osasuna hobetzeko? Formazioa, ohitura aldaketak… Gizon gehiago dira itsu geratzen direnak, kalean gehiago egoten direlako eta eguzkiak gehiago ematen dielako. Baina emakume batzuekin bada beste arazo bat, eta da kortisona hartzen dutela, gizentzeko, arropak betetzeko, hori polita omen delako beraientzako. Medikazio honekin kataratak lehenago garatzen dira, askoz ere gazteago. Inork ez dizu onartzen hala denik, baina mundu guztiak daki egiten dela. Bestela, betaurrekoak zabaltzen ari al dira? Tailerrak badaude, Munduko Begiak-ek filtro handiko betaurrekoak eskaintzen ditu, eguzkia hain indartsua izanda. Baina denei iristea zaila da. Saharan lortu da wilaya gehienetan betaurreko tailerrak egotea; guk kataratak operatzen ditugu, baina jende horrek gerora betaurrekoak behar ditu, eta umeek betaurrekoak behar dituzte. Tailerretan tekniko batzuk daude eta graduazioak burutzen dituzte.«Gure espezialitatean zortea dugu, segituan ikusten delako lanaren emaitza»
Teknikoak bai, baina, zuek joan behar baduzue, horrek esan nahi du han ez dagoela zuen lana egin dezakeenik. Han ez dago oftalmologorik, ez, ez daude. Optikoak badira, batez ere Kuban formatu direnak eta itzuli egin direnak. Horiekin egiten dugu lan, gu joaten garenerako beraiek egin dute pazienteen lehenengo filtroa, ikusmenaren arabera. Adibidez, %40tik behera ikusten dutenak dira gure kontsultetara etorriko direnak, banaketa hori egiten dute. Filtroa ondo egiten badute, lan erdia egina dago, eta kontuan izan behar da hamabost egunerako goazela bakarrik. Urtarrilean izan zinen lehen aldiz Saharan. Eta bistan da hara itzuli nahi duzula. Bai. Urrian itzuli nahi dut. Urtarrilean hiru oftalmologoak batera itzuli ginen handik, eta ideala litzateke bat geratzea beste astebetez, jarraipena egiteko, guk ere jakiteko nola ari garen gauzak egiten. Baina joaten zarenean nahi duzuna da ahalik eta gehiena operatu, lehenetsi zer den garrantzitsuena, kirurgiak edo errebisioak. Urrian ez dakit zenbaterako joango garen, baina nik itzuli nahi dut.«Oftalmologorik ez, baina optikoak badira, Kuban formatu direnak»