Showing Film Awards lehiaketako lehen saria irabazi du Telmo Basterretxea hondarribiarrak, Gehien miresten dudan pertsona film laburrarekin.
Showing Film Awards lehiaketako lehen saria irabazi duzu Madrilen. Lehiaketa handia da.
Bai. Iaz 400 lan baino gehiago aurkeztu ziren eta aurten ere hortik ibili da. Aurtengo gaia
Idealistak eta ameslariak zen. Lehen fasean 20 lan hautatzen dituzte soilik, eta hori gainditzea ja saria da. Epaimahaiak eta lehiaketako arduradunek hartzen dute parte lehen hautaketa horretan.
Bigarren fasean, hogei onenen artean, epaimahaiak soilik erabakitzen du. Nazioarteko epaimahaia da, mundu osoko jendea dago. Oscar eta Goya sarituak, produktoreak, zuzendariak, gidoilariak, eta mota askotako artistak, hamalau profesional guztira. Esan nahiko nuke hamalau horietatik soilik hiru direla emakumeak, beraz, nire ustez, lehiaketakoek badute lana egiteko zentzu horretan.
Eta horiek erabaki dute film laburren sari nagusia ematea zure lanari, Showing Firm Awards-etako lehen saria. Nola hartu zenuen berria?
Galan bertan enteratu nintzen. Goya sarien berregitea da gala, oso ‘ofiziala’ guztia. Nominatuak aipatu, irabazlearen izena esan, aulkitik altxatu, saria jaso eta eskerrak eman. Goyetan bezala.
Galaren egunean duela bi urte joan zitzaidan eta asko maite nuen lagun berezi baten urtebetetzea izango zen. Berari, Aitorri, eta bere familiari eskaini nahi diet egindako lana eta saria.

Telmo Basterretxea, lantaldearekin, Showing Film Awards saria irabazi eta gero
Zein izan da saria dirutan? Pentsatu al duzu zer egin diru horrekin?
5000 dolar dira, baina ez da guztia niretzat, taldean banatuko ditugu. Hitz egiteko dago oraindik, baina baliteke diru horrekin proiektu berri bat hastea, talde berberarekin.
Sari garrantzitsuak dira, ez?
Diruagatik ez hainbeste. Lehiaketa honek eskaintzen duen onena, nire ustez, lanaren ikusgaitasuna da, jende askori iristen zaio. Estatuko prentsak lantzen ditu sariak eta horrek ere laguntzen du. Gure bideoak 14.000 erreprodukzio izan ditu lau egunean.
Eta, nola bururatu zitzaizuen parte hartzea?
Eskolara etorri ziren lehiaketa aurkeztera. Aurkezpena bukatzean taldeko batek esan zuen, ‘egin beharko dugu zerbait, ez?’. Holaxe izan zen.
Zure film laburrak La persona que más admiro (Gehien miresten dudan pertsona) du izenburua, eta hamar urteko neskato baten istorioa kontatzen du. Haurrak bere aitona margolaria du pertsona miretsiena. Ideia gordeta zenuen, ez?
Bai. Aitonari [Nestor Basterretxea] omenaldi xume bat da, nolabait. Aktoreak zuzentzerakoan txikitako bizipenak gogoan nituela egin nuen, txikitan aitonarekin nuen harremana nolabait bideoan islatzeko; begiradak, keinuak…
Zer nahi zenuen kontatu?
Artea oso gauza boteretsua dela eta norbera aldatzeko gai dela, onerako edo txarrerako, batek daki. Era berean Arte Ederrak ikasi nahi dituenari ikasten animatzeko modu bat da, gero damuak etortzen baitira.
Aitonarekiko miresmenaz gain, artearekiko miresmena azaltzen da zure lanean. Alegia, ez dela zinema gustuko duzun kultur diziplina bakarra…
Niri gehien gustatzen zaidana komikia da, benetako pasioa diot komikiari. Nire ametsa komikiz beteriko liburutegi bat etxean izatea da.
Baina zinegile ere izan nahiko zenuke, ez? Horregatik joan zara Madrila?
Bai, oso gazte nintzela hasi nintzen film laburrak egiten, familia eta lagunekin. Aurrerago, larunbatero Donostiako Larrotxene Kulturetxera joaten ginen arreba, lehengusua eta lagun batzuk Isabel Albak zuzentzen zuen
Detrás de la Cámara ikus-entzunezko tailerrera. Bertan, film labur asko egin genituen, eta batzuk sarituak izan ziren.
Asko gustatzen zait film laburrak egitea. Lan bakoitza erronka berri bat da, buruari bueltak eta bueltak eman behar zaizkio eta oso interesgarria eta dibertigarria da. Gainera behin eginda betirako gelditzen da, beraz hobe lana ondo egitea.
Lehen ikasturtea duzu ECAM eskolan. Gustura?
Oso gustura. Alde onak eta txarrak ditu eskolak, gauza guztiek bezala, baina oraingoz asko pozten naiz hona etorri izanaz. ECAM eskolak duen gauza onenetarikoa irakasleak da, izan ere, gehiengoa modu aktiboan daude zinemaren industrian; gaur egun ikusten ditugun pelikula eta serieak burutzen dituzte ECAMeko irakasleek.
Zer da La persona que más admiro film laburra egiten gehien gustatu zaizuna?
Aktoreekin lan egitea izan da. Ez ziren profesionalak baina oso ondo egin zuten hasieratik kimika berezia agertu baitzen.
Eta gehien kostatu zaizuna?
Lan hau egiteko denbora oso gutxi izan genuen, hiru aste eskas. Ez ginen ezertara iristen, ia ezta lana lehiaketara aurkeztera ere. Nahiz eta lan sinplea dirudien, atzean lan asko dago, batez ere dirurik ez genuelako. Lagundu diguten guztiek musu-truk egin dute eta horrek lana bikoiztu egiten du. Aprobetxatzen dut hemendik eskerrak emateko horiei.
Hurrengoa, noizko?
Proiektuak ez dira falta baina denbora libre gutxi uzten digu eskolak eta orain praktikekin hasiko gara, beraz udararako izan beharko da.
Ikusi La persona que más admiro film laburra, hemen (behean, nominatuen artean)
.