Ostiral honetara arte jasoko ditu Katea-Landetxako auzo elkarteak Ugalde kirolgunearen gaineko proposamenak.
Katea-Landetxako auzo elkartea galdeketa bat egiten ari da Ugaldeko kirol instalazioen gainean. Proposamenak ostiral honetara arte, hilak 4, jasoko dituela jakinarazi du. Horretarako, hiru bide daude: batetik, Landetxako auzo elkartean dauden paneletan proposamenak idaztea; bestetik,
Interneten formulario bat betetzea; eta azkenik, Landetxako auzo elkartean, Mariño tabernan, Oiñaurre tabernan, Katea auzoko estankoan eta Elatzeta eskolan dauden orriak kutxetan sartzea.
Auzo elkartearen arabera, saiatu direnean gauza handi zein txikiak lortu dituzte, “orain da garaia Ugalderako nahi ditugun instalazioak definitzeko”. Bertan parte hartzeko deialdia egin diete auzotar nahiz irundarrei.
Ateratzen diren proposamenak lantzeko hiru tailer egingo dituztela jakinarazi du Katea-Landetxako auzo elkarteak. Horiek hilaren 5ean, 10:30ean; hilaren 10ean, 19:30ean eta hilaren 14ean, 19:30ean, egingo dituzte. Lehenengo egunean, lehentasunak jarriko dituzte, bigarrenean, proposamenak landu, eta azkenengoan eraikuntzak pentsatu. Bilera guztiak Errepublikako eskolan izango dira.
Elkarlanean egindako prozesua
Prozesu parte hartzaile hori Hiritik At arkitektura sozialeko elkartea, Landetxa auzo elkartea, Belaskoenea auzo elkartea eta Irungo Udalaren artean ari dira bultzatzen. Horrez gain, Anaka-Urdanibiako auzo elkartearekin ere harremanetan daudela jakinarazi du Landetxako bizilagunen bilguneak. Partaidetzazko prozesu hori, 2014ko aurrekontu parte hartzaileetatik kanpo geratu zen ekimen bati jarratzen diola gaineratu du.
Landetxako ugalde kirolgunea