Aurreko urteetako datuak hobetu arren, Irun 30 zonaldeak eraginkorrago izan daitezen zer egin badagoela onartu du udalak
Irun 30 eremua iragartzeko kartela
Irungo Udalak Irun 30 zonaldeetan (gehienez autoak orduko 30 kilometroko abiadurara joan daitezke eremu horietan) 2015ean izan den bilakaeraren berri eman du gaur. Balorazio orokorra baikorra izan da, aurreko urteekin alderatuz Irungo hiriguneko ia zonalde gehienetan ezarritako abiadura muga hausteen kopurua jaitsi delako, baina oraindik ere, iazko datuen arabera, gidarien %51,5ek abiadura muga hori gainditu egin du Irun 30etan. 2011n jarri zituzten lehenengoz abiadura muga horrekin hainbat errepide, eta 2013an zabaldu egin zuten kale horien kopurua. Ia hirigune osora zabalduta dago.
Datu horiek milioi bat auto aztertuz atera ditu udalak. Hala, Irun 30 eremuetan ibili diren auto horien batez besteko abiadura orduko 30,3 kilometrokoa izan dela baieztatu du, “gidariek maila handi batean bete egin dute araudia. Lortu dugu hirigunean autoen abiadura moteltzea”, esan du Cristina Laborda Mugikortasun ordezkariak. Hala, eremu horietan orduko 40 kilometroko abiadura gainditu dutenak %18 izan direla baieztatu du zinegotziak, eta %3,5an dago orduko 50eko abiaduratik gora ibili direnen kopurua. “Oraindik badaude eremuak abiadura muga ez dela errespetatzen. Horietan lanketa egiten ari gara”, zehaztu du Labordak.
Irun 30 guneak indartzeko lanean jarraituko dutela jakinarazi du udalak.