Bazterketa arriskuan daudenei erantzuna eman nahian lanean dihardute Irungo jantoki eta topaleku sozialak. Jatekoaz harago, harremanetarako gunea da, eta laguntza jasotzen dute bertan.
Jatekoa, goxo egoteko espazioa, babesa ematen diete jantoki eta topaleku sozialak bazterketa arriskuan daudenei Irunen. 2010 urtean abiatu zuen esperientzia Irungo Udalak, eta urte hartatik etengabe egin dute erabiltzaileen datuek gora. Lehen urtean 38 lagunek erabili zuten jantokia, eta iaz, 192k. Topalekuak, berriz, 537 lagun hartu zituen iaz.
Jantoki sozialean, egunero gosea uxatzekoa aurkitzen dute, «baina ez genuen soilik elikadura beharra estali nahi», esan du Nadia Fabok. Fabo Rais Euskadiko langilea da, elkarte horrek kudeatzen du udal zerbitzua, eta jantoki zein topaleku sozialeko arduraduna eta teknikaria da. Jantokiarekin batera topalekua martxan jartzea erabaki zutela gaineratu du: «Jantokirako txartelarekin heltzen den jendeak jateko beharra baino ez duela esaten du gehienetan, baina jateko behar horren atzean, gosearen atzean, beste behar asko izaten dira ezkutuan». Horren erakusle da jantoki sozialera jotzen duten lagunen artetik, seik izan ezik, beste guztiek topalekua erabiltzen dutela.
Erabiltzaile batekin izandako esperientzia kontatu du horren harira Fabok: «Jantokirako txartelarekin heldu zen eta elkarrizketa egiteko unean hitz egiteko behar handia zuen. 20 urtez ikusi gabeko ama aipatu zuen. Harekin harremanetan jarri nahi zuen. Gosearen gainetik amarekin etendako harremana berriz ere hartzea lehentasun zuela argi utzi zuen. Bere kasuan helburu bat bagenuen, amari deitu eta gaia lantzea».
Topaleku eta jantokian, informazioa, bitartekaritza-eskuhartzea, hezkuntza eskuhartze eta psikosoziala, elikadura, higiene pertsonalerako gunea, garbigailu zerbitzua eta laguntza gunea topatuko dituzte erabiltzaileek.
Horietara heltzen denaren egunerokoa nolakoa den azaldu du Fabok. Hamarretan zabaltzen ditu ateak jantoki eta topaleku sozialak, eta iritsi berriekin elkarrizketak egiten dituzte bertan lanean ari diren hiru profesionalek. «Akonpainamendutik, loturatik, egiten dugu guk lan», esan dute, «eta horizontaltasuna oinarri hartuta». Fabok argi du teknikoek ezin dutela zerbitzura joaten direnen gainetik egon: «Beraiek dira protagonistak, gu eskaileran gora egiten joateko laguntzaileak gara, bitartekoak ematen dizkiegu, baina euren denborak eta beharrak errespetatuta, beraiek markatzen dute erritmoa zein intentsitatea. Topagunean zein jantokian oinarrizko irizpideak ematen dizkiegu, baina beraiek kudeatzen dituzte, bazterketa arriskuan dauden horiek ahaldundu nahi ditugulako».
Erabiltzaileek kudeatu
Elkarrizketa eginda, baliabideen berri ematen diete, eta elkar ezagutzeko aukera dute erabiltzaileek eta zentroan lanean ari diren profesionalek. Hortik aurrera, dutxa, higiene pertsonalerako gaiak, garbigailua, eta irakurri, atseden hartu, edo kafearen txokoa dituzte aukeran erabiltzaileek. «Gosaltzeko aukera izaten dute, eta 13:00etan jantoki soziala zabaltzen dugu. Topalekuko gune ezberdinak beraiek kudeatzeko aukera ematen diegun moduan, jantokian ere erabiltzaileek erabakitzen dute non eta norekin eseri».
Bazterketa arriskuaren mehatxua edonori egokitu dakioke
Elkarrizketa eginda, baliabideen berri ematen diete erabiltzaileei
Egunero bero jaten dute jantokiari esker, baina bazterketa arrisku horretatik irteten laguntzeko eskaintzen dizkieten bitartekoak ere baliatzen dituzte: «Curriculuma egiten laguntzen diegu, ordenagailua dute Lanbideren lan eskaintzak kontsultatzeko, egunkariak irakurtzeko aukera, lan elkarrizketak prestatzen laguntzen diegu, posta zerbitzua dute…».
Esku hartze komunitarioko teknikari arduraduna da Feli Goikoetxea, eta kexu da jendeak oro har erakusten duen jarrerarekin: «Gutxi ezagutzen da bazterketa sozialaren gaia, eta askotan entzuten dugu ‘horiekin egiten duzue lan, dirua edariarekin xahutzen dute horiek’, edo ‘horretara heldu badira zerbaitegatik izango da’. Ezin da ahaztu pertsonek, guztiek, eskubideak dituztela, gaitz psikikoak edo alkoholarekin edo drogekin menpekotasun arazoak dituztenek ere, edo bestelako arrazoiengatik bazterketa arriskuan daudenek. Guk egiten duguna ez da
karitatea, ez dizut ematen nahi dudalako, ematen dizut horretarako eskubidea duzulako».
18.523
banatutako menuak
2015. urtean 18.523 menu banatu zituen Irungo jantoki sozialak. Urte bereko martxoa, apirila eta maiatzean nabarmen gora egin zuen jantokiaren erabiltzaileen kopuruak. Guztira 192 erabiltzaile izan zituen urte osoan eta horietatik 107 berriak izan ziren. Akonpainamendu gunean, berriz, 18.936 zerbitzu egin zituzten, 278 erabiltzailerekin.
Gaur egun kalean bizi den jendearen profila eta itxura aldatu dela zehaztu du Goikoetxeak: «Asko aldatu da daukagun irudi hori. Gaur egun kalean bizi den norbait kaletik ikusi, eta ez genuke sinistuko hala bizi dela. Topalekura etorrita dutxa hartzeko aukera dute, baita arropa garbitzeko ere, eta askotan ez genuke pentsatu ere egingo ikusten ari garen hori kalean bizi dela, bazterketa arriskuan dagoela. Garai bateko itxura eta profila mantentzen dituztenak ere badira, noski». Argudio hori indartzeko, aste honetako adibide bat jarri du Fabok: «Bi gizon etorri ziren nigatik galdezka. Ez nekien nor ziren, bisitan ote zetozen, komunikabide batetik edo… Jantokirako txartela atera zutenean jakin nuen erabiltzaile berriak zirela».
Izan ere, egoera egun batetik bestera aldatu eta bazterketa arriskuaren mehatxua edonori heldu dakiokeela esan dute Fabok eta Goikoetxeak. Gaineratu dute jendeak oro har pentsatzen duela jantokian eta topalekuan jatekoa eta dutxa soilik eskaintzen dietela beharra dutenei, «baina ez da hori bakarrik, heziketa eta laguntza lana ere badago, eskuhartzea handia da zerbitzu honetan».
Gatazkarik ez guneetan
Bazkalordua amaituta tarte laburrez ixten dituzte ateak jantokiak eta topalekuak, baina erabiltzaileen beharrei jarraituz, iaz arratsaldez zabaltzen hasi ziren. 16:30etik 19:00etara dago zabalik arratsaldez, eta goizak baino lasaiagoak izaten direla esan du Fabok, «interbentzio gehiago izaten ditugu goizean. Arratsaldea lasaiago joaten da. Tailerrak egiteko aukera izaten dute orduan. Erabiltzaileek beraiek esaten dute zer egin nahi duten».
Udaletxeko bulegoa utzita, gizarte zerbitzuetatik hurbil den jantoki eta topaleku sozialera abiatu da Hitza. Fabok bertan giroa ona dela eta arazorik ia ez dutela izaten esan du, «baten bat izan da, baina ez da gune gatazkatsua, jendeak nahikoa du duen egoerarekin, eta ez du gatazketan sartu nahi. Iaz zortzi lagunekin-edo izango genuen arazoa, eta kasu horietan denbora batez zerbitzura ez etortzeko eskatzen diegu».
Hainbat erabiltzaile daude Topalekuan Hitza heldu denean, eta denek agurtu dute. Fabok beraien izenez deitu ditu agurtzerakoan. Kafea prestatzen ari da erabiltzaile bat zerbait beroa hartu nahian; mahaiaren bueltan beste hiru hitz egiten ari dira; bestea atseden gunean dago. Jantokia hutsik dago oraindik. Erabiltzaileak futbolzaleak direla zalantzarik ez dago, futbol posterrak nagusi direlako, «erabiltzaileek erabakitzen dute dekorazioa jantokian zein topalekuan», esan du Fabok.
Gizon gehiago
Jantokia eta topalekua lotzen dituen pasiloan kokatuta daude dutxak eta komunak, gizon eta emakumeentzat bereizita, baita garbigailua eta lehorgailua dituen gela ere. Horien arteko paretan tailerrak biltzen dituen murala: erlaxazioa, bideo foruma, partxisa, bingoa, puntua… Tailerrak ere erabiltzaileek erabakitzen eta proposatzen dituztela esan du Fabok. «Mus partidak ere antolatzen dituzte, gunea beraien gustuen arabera antola dezatela nahi dugu», zehaztu du.
Erabiltzaileak jatorri eta adin guztietakoak direla esan dute arduradunek, «alde handiarekin, bertaratzen den jendearen gehiengoa gizonak izaten dira. Adinari dagokionez, berriz, denetarik dago». Hamaika pertsona eta hamaika behar ezberdin daudela argi dute, «bakoitzak bere egoera dauka. Gehienek motxila handia dute soinean».
“Erabiltzaileak jaitsi badira ere, iaz 192 lagunek jo zuten jantoki sozialera”
2010 urtean sortu zenuten jantoki soziala, eta ordutik 30 lagunentzako menua ematen hasi, eta 90era heldu zineten 2014an. Zein da egoera gaur egun?
Antzeko kopuruetan galbitza, baina apur bat behera egin dugu, hori berri ona da. Diru sarrerak bermatzeko errenta (DBE) ez dutenentzat begirako baliabidea da, hori baino gutxiago jasotzen dute, eta gizarte zerbitzuetatik bideratutakoak dira. Egia da hilabete batzuetan jaisten dela eta besteetan igotzen dela, aldakorra dela.
Zein baldintza bete behar dituzte jangelara joaten direnek?
18 urtetik gorakoak behar dute izan eta bazterketa arriskuan egon. Hasiera batean ezinbestekoa zen Irunen erroldatuta egotea, baina egun ez da horrela, bertan daudela jakinda erroldarik gabe ere jaso dezakete jangelerako txartela. Azken baldintza da DBEren pareko diru sarrerarik ez izatea, 617 eurotik behera kobratzea.
Zein da jangela sozialaraen erabiltzaileen profila?
Krisiarekin asko aldatu dira gauzak. Gaur egun Irungo jendea badago, Espainiako Estatuko beste erkidegotakoak ere, eta gero migratzaileak, krisia azken horiek pairatzen dute gehien. Adinari dagokionez denetarik dago, eta gizonak askoz ere gehiago dira emakumeak baino. EAEkoak izan dira erabiltzaileen %24a aurreko urtean. Espainiako Estatuko herrialdeetakoak %13 izan dira, eta %26 magrebiarrak. Erabiltzaile guztien artetik %80 gizonak izan dira, eta %20 emakumeak. Datu horiek jantoki sozialari dagozkionak dira. 192 erabiltzaile izan ditugu orotara, eta horietatik 107 berriak izan dira. Adinari dagokionez, berriz, kopururik handiena 40 eta 44 urte artekoak dira. 2010. urtean eguneko 14 lagun jasotzen bagenituen jangelan, 2015ean 51 izan ditugu. Halere jaitsi egin da, 2014ean 55 zirelako.
Oarsoaldean eta Bidasoan jantoki sozial publiko bakarra zarete. Zergatik abiatu zenuten esperientzia hau?
Ni ez nintzen kargu politikoa martxan jarri zenean. Bazterketa arriskuan zegoen jendeari erantzuna eman behar zitzaiola erabaki zuen udalak. Esperientzia pilotua izan zela esan genezake. Hala ere, udal guztiak halako baliabideak izatera derrigortu egingo ditu dekretu batek urte amaieratik aurrera. Guk abiatu genuenean ez zegoen halakorik oraindik.
Jantoki sozialarekin batera, topaleku soziala ere jarri zuen martxan udalak. Dutxak, garbigailuak, higiene zerbitzuak, laguntzeko gunea eskaintzen dituzue bertan. Zenbat erabiltzaile izan dituzue?
Guztira 535 erabiltzaile izan dira. Topalekua eta jangela batera doaz, gero erabiltzaile bakoitzak erabakitzen du biak erabili edo bakarra, zerbitzuaren bi oinarriak dira horiek, zerbitzu bakarra osatzen dute, gaur egun bazterketa arriskuan dauden pertsonentzako eguneko zerbitzua deitzen dena da. Ordutegia zabaldu da, goizetik bakarrik zabaltzen zen garai batean eta 2015. urtetik aurrera, beharrak bultzatuta, goiz eta arratsaldez zerbitzua eskaintzen hasi ginen. Uneoro hiru pertsona daude lanean bertan, hiru profesional, gizarte hezitzailea, gizarte langilea eta psikologoa.
Bertara jotzeko baldintzak, berriz, 18 urtetik gora edukitzea eta Irunen egotea dira. Diru sarrerak zenbatekoak diren ez dugu hartzen kontuan, agian laguntza jaso arren, dutxa behar dutelako, edo arropa garbitu edo harremanerako gune bat izan. Horiek ere behar izaten dituztelako.
Hotzaren protokoloa handitu du udalak, bestalde.
Bai, aurten eguneratu dugu, eta indartu. Lehen 5 gradura arteko tenperaturarekin ezartzen zen, eta orain 8 gradurekin ere ezartzen da. Iragarpen hori dagoenean protokoloa martxan jartzen da. Ez dago plaza mugarik.
Zenbat lagunek egiten dute lo kalean Irunen?
Zaila da kopuru bat zehaztea, baina 25 bat lagun izango dira orotara.