Irun Ekintzan egitasmoaren laguntzarekin hamarnaka enpresa eta hainbat lanpostu sortu ziren iaz
Irun Ekintzan egitasmoaren barruan formazio saioak ere ematen dituzte
Irunen jarduera ekonomikoa eta enplegua indartzeko egitasmoa da Irun Ekintzan, bertan hainbat eragile sozial, sindikatu, erakunde eta enpresa daudela. Iaz, programa horren barruko K-Biziak egitasmoaren laguntza orokorrekin hirian 14 enpresa berri eta 21 enplegu sortu ziren; 2010ean K-Biziak abian jarri zenetik, 65 izan dira zabaldutako negozioak, eta horien %85 inguruk egun aktibitatearekin jarraitzen duela zehaztu du udalak. Orotara, milioi euro pasatxoko ekarpena egin die programak Irunen enpresak sortu dituztenei.
K-Biziak-en barruan Alde Zaharra biziberritzeko egitasmoak ere badaude. Iaz, alde zaharrean lau enpresa berri sortu ziren egitasmoaren laguntzarekin; hirian, oro har, biziberritzerako egitasmo horren bitartez 15 enpresa berrik 31 lanpostu sortu zituzten. Eta gazteen atalean, K-Biziak gazteek —30 urtetik beherakoak— bultzatutako 12 enpresa berri abian jarri ziren Irunen, 14 lanpostu sortuz.
Enpresa berritzaileentzako laguntza ere eman du Irun Ekintzan-en barruko K-Biziak: sei enpresak, alor horretan 16 lanpostu sortu zituzten iaz. Alta, formazioan indarra jarri dutela ere adierazi du Irungo Udaleko Garapen Ekonomikorako ordezkari Miguel Angel Paezek. Aldi berean, 2016an egitasmoaren atal guztiak indartzeko konpromisoa bere egin du udalak.