Solas Jolas udalekuetan aurretiko izen-emate epea martxoaren 11n bukatuko da. Apirilaren 15ean zozkatuko dituzte plazak
Solas Jolas udalekuen barruan irteerak ere egiten dituzte
Solas Jolas udalekuetan aurretiko izen-emate epea hilaren 29an zabaldu, eta martxoaren 11n itxiko dela adierazi du Josune Gomez Euskara ordezkariak. Udaleku irekiak proposatzen dituzte Solas Jolasen, Haur Hezkuntzako 4 eta 5 urteko geletako, nahiz Lehen Hezkuntzako lehenengo eta laugarren maila arteko haurrentzat. Plazak apirilaren 15ean zozkatuko dira.
Uztailean eta abuztuan garatuko da egitasmoa. Gomezek adierazi duenez, udalekuen helburua da hezkuntza bi hizkuntzatan jasotzen duten haurren artean euskararen erabilera sustatzea eta hizkuntzarekiko haurren jarrera hobetzea, “euskaraz, euskaraz eta gaztelaniaz, edota euskaraz eta frantsesez”.
Euskara ordezkariak, Arantza Zulet hizkuntza normalizaziorako teknikariarekin batera eman duen agerraldian, aurtengo Solas Jolasek hainbat berritasun izango dituela jakinarazi du. Hala, txanda bakoitza bi egunez luzatu dute. Hau da, uztaileko txanda hil horretako 5etik 29ra izango da, eta abuztukoa 2tik 26ra. Bestalde, talde bakoitzak egun osoko irteera bat egingo du: egun horretan Haur Hezkuntzakoen ordutegia 10:00etatik 14:30era izango da, eta Lehen Hezkuntzakoena 10:00etatik 17:00etara.
Izen emateak eta informazioa
Hilaren 29an zabalduko dena aurretiko izen-emate epea da. Han abiatuko da Solas Jolasen parte hartzeko aukera. Baina udalekuak abian jarri arte, hainbat ohar dira kontuan hartzekoak:
- Nola izena eman. Irungo Udalaren webgunearen bitartez, HAZeko autozerbitzu terminalean, edo 010/943 50 51 52 telefono zenbakira deituta.
- Aurretiko izena ematerakoan. Datuak eman behar dira. Honakoak: izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, harremanetarako sakelako telefonoen zenbakiak, aukeratutako txanda, haurra ikasten ari den ikastetxea, hezkuntzaren , zikloa eta eredua, Solas Jolaserako aukeratutako ikastetxea. Haurrak dibertsitate funtzionala edukiko balu, hori ere jakinarazi behar da. Bakarka edo familiako kide guztientzat egin daiteke aurretiko izen-ematea.
- Onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda: apirilaren 4an jarriko dute, udalaren webgunean. Akatsak egonez gero, erreklamazio epea apirilaren 4tik 8ra dago zabalik.
- Plazen zozketa: apirilak 15. Behin betiko inskripzioa apirilaren 20tik maiatzaren 4ra egin beharko da. Plaza eskuratu dutenei posta elektronikoa bidaliko die udalak.