II. Olazabal Kirol Sariak, hondarribiarren esku

Otsailaren 28ra arte bozka daiteke elkarteek eta kirol kazetariek egindako lau zerrenden artean. Martxoaren 4an banatuko dira II. Olazabal Kirol Sariak.

Abian da Hondarribiko azken bi urtetako Hondarribiko kirolari onenak hautatzeko prozesua. Hondarribiko Udalak bigarren aldiz deitu ditu Olazabal Kirol Sariak eta, lehen ekitaldian bezala, herritarrek erabakiko dute zein emakumezkok, gizonezkok, elkartek eta kirolarekin zerikusia duen pertsonak egin duten meritu gehien saria jasotzeko. Lehen fase batean, herriko kirol elkarteek eta kirola lantzen duten tokiko komununikabideek —haien artean Hondarribiko HITZA— haien hautagaiak aurkeztu dituzte, eta hautagai horien guztien artean egingo da aukeraketa. Orain herritarrek erabakiko dute lau kategorietako bakoitzean zein izango den sariduna, eta martxoaren 4an Itsas Etxea Auditoriumean egingo den galan ezagutuko dira irabazleak. “Kirol gala honetan Txema Olazabal golf jokalaria egongo da, sariei izena ematen diona”, jakinarazi du udalak. Bi modu daude bozkatzeko, hondarribia.eus webgunean, edo Hondarribiko Udaleko Kirol Departamentuan, Pampinot kaleko udal bulegoetan. Hilaren 28a da iritzia emateko azken eguna, eta pertsona bakoitzak behin bakarrik bozka dezake. Epaimahaia ere osatuko da, baina beren xedea herritarren erabakia berrestea izango da, eta oilik berdinketa dagoen kasuan egingo du zirt edo zart. 2014an banatu ziren lehen aldiz Olazabal Kirol Sariak eta lehen ekitaldi horretan udalak adierazi zuen bi urtean behin sariak deitzeko asmoa. Lehen ekitaldian honakoak izan ziren sarituak: Ion Areitio (gizon kirolari onena), Claudia Behobide (emakume kirolari onena), Hondarribia Arraun Elkartea (talde onena) eta Joseba Llorente (kirolarekin zerikusia duen pertsona). Azken atal horretan bozketa oso parekatua egon zen eta bigarren sailkatua ere saritu nahi izan zuen epaimahaiak, Joseba Sarriegi.
Olazabal kirol sariak 2014

Lehen ekitaldiko irabazleak, Aitor Kerejeta eta Txema Olazabalekin

Olazabal kirol sarietarako hautagaiak

Emakume kirolari onena
  • Mariasun Quiñones. Futbola. Realeko atezaina.
  • Cyara Palenzuela. Stand Up Padel Surf (SUP). 18 urtez azpiko Estatuko Sup Txapelduna, OPEN mailan.
  • Mirene Etxeberria. Arku Tiraketa. Domina Estatuko aterpeko eta aire zabaleko txapelketetan, junior eta absolutu mailan.
  • Lidia Yarza. Judoa. 2015ean Espainako Txapelduna Junior Mailan,
  • Angela Vilariño. Automobilismoa. Rallyetan 2015ean Estatuko Emakumezkoen Trofeoko txapelduna eta 2014an Espainako Mendiko Ralliko Txapelduna.
  • Arantza Mariskal. Arrauna. Brontzea Estatuko Beteranoen Txapelketan.
Gizon kirolari onena
  • Ioseba Amunarriz. Arrauna. Ama Guadalupeko traineruko patroia eta TKE Ligako Txapelduna 2014 eta 2015ean.
  • Ander Vilariño. Automobilismoa. Europako NASCAR Txapelketako Txapelduna 2015ean eta txapeldunordea 2014an.
  • Roman Frejo. Stand Up Paddle (SUP). Espainiako Txapelduna.
  • Unai Emery. Futbola. Sevilla taldeko entrenatzailea eta Europa Leagueko txapelduna 2014 eta 2015ean.
  • Ion Areitio. Bike-trial. Espainiako Txapelduna eta 2014ko Munduko Kopan hirugarren.
  • Aitor Ocerin. Bela. Mini Transat Nazioarteko lasterketan partehartzailea.
  • Iñigo Cervantes. Tenisa. Challenger Master Txapelketako irabazlea 2015ean eta ATP zerrendako 72.a.
Elkarte onena
  • Hondarribia Surf Kirol Kluba.
  • Ama Guadalupekoa Judo Elkartea.
  • Hondarribia Arraun Elkartea.
  • Hondarribia Futbol Elkartea.
  • Bidasoa Atletiko Taldea.
  • Hondarribiko Udala.
  • Hondarribia Itsaskari Baita.
  • Hondarribia Ikasbasket Taldea.
Kirolarekin zerikusia duen pertsona
  • Unai Emery, Sevilla futbol taldeko entrenatzailea eta Europa League-ko txapelduna 2014 eta 2015ean.
  • Jose Ignacio eta Juan Miguel Sodupe, atletismoarekin lotuta bizitza osoan.
  • Iñaki Navascues, Stand Up Paddle Surf-eko presidentea.
  • Miguel Angel Izquierdo, eskubaloian sartuta bizitza osoan.
  • Osertz Aldai, Hondarribia Arraun Elkartean 30 urtez.
  • Juan Leon Gaztañazpi, Hondarribia Futbol Elkarteko sortzaileetako bat eta lehen bazkidea, duela gutxi zendutakoa.
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.