Gizarte jantokia erabili zutenen artean 18.523 menu banatu zituzten iaz. Gizarte elkargunean ere hainbat zerbitzu eman ditu Irungo Udalak
Irungo gizarte jantokia
2015ean, Irungo gizarte jantokia erabili zuten 192 erabiltzeen artean 18.523 menu banatu zituzten. Horietatik %80 gizonak izan ziren, eta %20 emakumeak, eta horien adinaren batez bestekoa askotarikoa bada ere, 40-44 adin tartekoak izan ziren gehienak. Maiatzean eman zituzten menu gehien, 1.992. 192 erabiltzaile horien jatorriaren aldetik, Irungo Udalak esan duenez, %36 izan ziren Euskal Autonomia Erkidegokoak edo Espainiako Estatukoak.
Oinarrizko beharra dutenei arreta emateko, udal zerbitzuek iaz jasotako datuen berri emateko agerraldia egin du gaur goizean Sergio Corchon Irungo Udaleko Ongizate ordezkariak. Corchonek esan duenez, Irun 2010ean hasi zen ematen zerbitzu horiek gizarte bazterketa arriskuan dauden pertsonentzat, horien oinarrizko beharrak bete daitezen: janaria, higienea, eta inklusio soziala, “Irunen bizi, eta edozein arrazoirengatik zailtasunak dituztenek oinarrizko baliabideak izan ditzaten nahi dugu”.
Jantokiaren zerbitzuaz gain, Corchonek nabarmendu du gizarte bilgunearen garrantzia. Bertan dutxak (197 erabiltzaile 2015ean, 1.724 erabilerarekin), arropa garbitzeko zerbitzua (145 erabiltzaile, 1.257 erabilerarekin), edo higiene pertsonal zerbitzua (164 erabiltzaile iaz, 802 erabilerarekin) daude. Horrez gain, gizarte bilgune horretan elkartzeko gunea dago: bertan orientazioa eta aholkularitza zerbitzuak jaso zituzten beharra izan zutenek, 278 erabiltzaile izateraino.
Gizarte baliabide horiek guztiak baliatzeko aukera astegunetan dute beharra dutenek, 10:00etatik 14:30era eta 16:00etatik 19:00etara. Hainbat baldintza bete behar dituzte onuradunek, eta Irungo Udaleko Gizarte Zerbitzuek kudeatzen dituzte eskaerak.