Urteko lehen denboralearekin olatuek berriro gainditu dituzte Pasai Donibane, San Pedro eta Hondarribiko babes hormak. Bihartik aurrera itsasoaren beste astindu bat espero da.

Karga ontzi bat Pasaiako Portura sartzeko bokalea maniobra egiten, aste honetan
Urteko lehen denboraleak kalte txikiak eragin ditu Oarsoaldeko eta Bidasoko kostaldeko herrietan. Ezin da Gipuzkoako beste leku batzuetan gertatutakoarekin parekatu, baina kontuan eduki behar da Hondarribia, Pasai Donibane eta San Pedro, badian gordetzen diren herriak direla, eta olatuak oso ahulduta iristen direla bertara. Hala eta guztiz ere, astearte goizaldeko itsasgorak erraz gainditu zituen hiru herrietako babes hormak, eta baliteke gauza bera gertatzea bihartik aurrera, ipar mendebaldeko haizeak hamar metro inguruko olatuak bultzatuko baititu euskal kostaldearen kontra.
2015eko urrian
Uhinak, Klima Aldaketa eta Itsasertzari buruzko mugaz gaindiko I. Kongresua egin zuten Ficoban eta, besteak beste, muturreko fenomeno meteorologikoak geroz eta ugariagoak eta bortitzagoak izango direla ziurtatu zuten bertan bildutako adituek. Zientzialariek ez dute zalantzarik, eta hiritarrak dagoeneko ohartuta daude arazoaren larritasunaz. Bi urtetan beste hainbeste alarma gorri ezarri dira euskal kostaldean, eta hamaika izan dira laranja kolorekoak, asteburuan bertan beste bat, aurrekoa desaktibatu eta hiruzpalau egunera.

Kai Zaharreko petrilak puskatu zituen itsasoak
Astearte-asteazkeneko denboraleak ez du aparteko kalterik eragin Oarso Bidasoan, baina berriro urez bete dira Pasai San Pedro eta Donibaneko zenbait soto eta saltoki. Donibanen bereziki kexu dira, hainbat bizilagunen arabera, Santiago plazako horma txikia kendu zutenetik itsasoak traba gutxiago duelako hortik herrira sartzeko.
Hondarribian, aldiz, hobekuntza izan dute azken hamarkadan, hain zuzen ere, Portua auzoa berriro hiritartzeko obraren lehen fasea egin zenetik. Hori baino lehen, marea biziekin itsasoko ura kanalizazio sistema baliatuta sartzen zen etxe, garaje eta dendetara, triskantza handiak eraginez. Juan Mari Altuna Hondarribiko Udaleko Zerbitzuetako zinegotziak azaldu duenez, Almirante Alonso kaleko hoditeria berritu zutenean arreta berezia jarri zuten arazoan: “Portuko lehen lerroetan dauden etxebizitzen etxabeetan, lurpean, urarik ia ez sartzea lortu da. Inbertsio onak egin dira eta pozik egoteko modukoa da”.
Dagoeneko ura ez da Hondarribiko etxeetara sartzen, baina Kai Zaharreko espigoiak sufritzen ditu itsasoaren erasoak. 2014ko denboraleekin bezala, astearte goizaldean ere olatuek gogor astindu zuten Butron pasealekuko babes horma eta espigoiko lehen zatiko petrila, eta barruko hondartzakoa txikitu zituzten: “Harrizko horma mugitu egin da bi puntutan, zenbait baldosa altxatu dira pasealekuan eta hondartzako harriak nonahi agertu dira”, azaldu du Altunak.
Artzuko zubia ere puskatu zuen itsasoak,
Imanol Ugartemendia Facebook erabiltzaileak udalari jakinarazi zionez.
Kalte pertsonalik ez
Oraingoan, denboraleak ez du kalte fisikorik utzi, alde batera utzita Amuitz irlako olatu erraldoiaren gainera igotzen saiatu ziren surflari gehienek jasandako kolpeak (
ikusi bideoa). Baina aurreko enbatan, 2015eko urria bukaerakoan, gazte bat erori zen Jaizkibel itsaslabarreko arroketara gurasoekin Talaia bidean paseatzen ari zela; itsasoak eraman zuen eta handik hamar egunera aurkitu zuten haren hilotza, eroritako lekutik gertu, baina hiru metroko sakoneran. Andoni Larra Zabalegi Hondarribiko Gurutze Gorriko itsas arloko arduradunaren arabera, oso zaila da horrelako egoerei aurre egitea: “Zerbait egin daiteke, esperantza beti dago, baina oso zaila da horrelako baldintzetan zerbait lortzea”.

Kontuz ibili behar da olatu erraldoiekin. Irudia Pasai San Pedron hartutakoa da, astelehenean
Hondarribiko Gurutze Gorriak hiru itsasontzi ditu salbamendurako, eta berrogei boluntario behar direnerako, baina Zabalegiren arabera, “oso-oso egoera larria izan behar da” denborale batean beraiei laguntza eskatzeko: “Gure bizitza arriskuan jartzen dugu itsasora ateratzen garenean. Aste honetako denboralea oso gogorra izan da”. Hots, Galizian, Bretainian edo Euskal Herrian itsasoa itsaso da, eta ez dago hura baretzerik, bere kabuz indarra galdu arte zain egon baino askoz gehiago ezin du gizakiak egin.
Natura, naturatik salbu
Denboraleak, muturrekoak izan ala ez izan, fenomeno naturalak dira, eta naturak bere erantzunak ditu haiei soluzioa emateko. Irungo Plaiaundi parke ekologikoan, esaterako, apenas konturatu dira azken enbataz, gertu egonik ere, itsasoa iristen ez den tokian eta ibaia baretzen den eremuan kokatzen baita hegaztien paradisua. “Olatuak Puntaleraino [Hondarribiko auzoa, aireportu ingurua] iristen dira, hortik aurrera ez dute jarraitzen”, adierazi du Mikel Etxaniz parkeko teknikariak. Itsasoaren talka euritearen ondotik iritsi izan denean ere, badia zuhaitzez betetzen denean ere, ingurumen kalterik ez dela sortzen ziurtatu du Etxanizek: “Ondorio naturalak dira horiek”.
Naturak bere jokamoldeak ditu zerutik edo itsasotik datozkion arriskuen aurrean, eta zientzialarien ustez, horietan jarri beharko lituzke gizakiak begiak muturreko fenomenoek eta itsas mailaren igoerak etorkizunean eragingo dituzten kalteak murrizteko.
Hondarribiko hondartzako izkina txiki batean orain hiru urte egokituriko duna da adibide bat. 2014ko neguko denboraleetan, eremuko landaredia oraindik neurri txikikoa zen arren —sei hilabete baino ez zituen dunak—, itsasoaren oldarraldiari askoz hobeto eutsi zion dunak, hondartzak baino. Itsasoko haizeak 30.000 metro kubo hare lapurtu zion hondartzari, eta olatuentzako pasabidea erraztu. Duna eremua, aldiz, hazi egin zen; batetik, dunako landarediak bere hondarrari eutsi ziolako, eta bestetik, hondartzako area jasotzeko gaitasun itzela erakutsi zuelako.

Hondarribiko dunako landaredia
Uhinak kongresuan azaldu zutenez, askoz sendoagoa da duna baten atzean dagoen herri baten babesa, hormigoizko malekoi batek itsasotik banatzen duenarena baino. Soluzioa naturala bada hobe dela, alegia.
Baina bitartean, erakundeek klima aldaketaren eta muturreko fenomenoen ugaltzearen aurrean neurriak diseinatzen dituzten artean, hurrengo denboralea noiz iritsi zain daude Donibane, San Pedro eta Hondarribiko biztanleak. Batzuk irrikaz, beste behin ikuskizun paregabea gertutik bizitzeko aukerara izango dutelako; beste batzuk kezkaz, aurrekoa baino okerragoa ez izateko esperantzaz.