Auzo elkartekoek gaur egin duten agerraldiko irudia
Irungo Cipriano Larrañaga kalea berritzeko udalaren planteamendua ez du gustuko Erdialdeko Auzo Elkarteak. Haien ustez, berritze lan horiekin bertako ostalaritzako establezimenduen terrazek hartuko lukete kalearen zatirik handiena, oinezkoentzat oztopo bihurtuz. Gainera, terrazak handitzeak, hauetan jende gehiago kalean izatea ekarriko lukeela uste dute elkartekoek, “hori bizilagunen ongizatearen eta osasunaren kontra doa, sor daitekeen zaratagatik”. Gainera, Irungo Hirigintza Plan Orokorra ez duela errespetatzen uste dute. Bertako aparkaleku guztiak kentzea jasota dago egitasmo horretan.
Udalak kale hori berritzeko duen egitasmoa “inposizioa” da, herritarren arabera. Plan horren aurkezpenean egon ziren elkarteko kideak, eta bertan jakin zuten kalearen zati handi bat oinezkoentzat izango dela —peatonalizatuko dute errepidea, Jacobo Arbelaitz kaletik toporaino—, eta bertako espaloiaren alde baten zabalera lau metrokoa eta bestearena bi metrokoa izango dela. Baina erdialdeko bizilagunen taldea ez dago ados horrekin, are gehiago, eskatu dute kale horretako diskoteka-tabernei lizentzia emateak mugatzea.
Hori dela eta, bizilagunek beste proposamen bat idatzi zuten, eta udalari aurkeztu egin zioten batzar irekietan, “baina batzar horietan euren proposamenaz bakarrik hitz egin zuten, aldaketa txikiekin moldatu zutena. Gure proposamena ez zuten aurkeztu ere egin. Horregatik, akordiorik gabe bukatu ziren batzar horiek”. Bizilagunen proposamen horretan jasota dago kalearen peatonalizazioak eta oinezkoen eskubideak uztar daitezkeela, aparkatzeko plazak ez galduz, eta establezimenduen terrazen azalerak mugatuz, “badirudi udalaren proposamenaren asmoa dela terrazengatik ahalik eta diru gehien bildu”.
Gainera, udalaren asmoak hiriko plan orokorrarekin talka egiten duela uste dute, bertan jasota dagoelako kale horretatik bidea egitea trenbidearen beste aldera joateko eraikiko duten beste bide batekin —topoaren trenbidea RENFE aldera mugituz—, “udalaren asmoa horrekin ez dator bat. Ez du logikarik”.
Hori bai, kale horren lur azpian egin beharreko kanalizazio eta hoditeria lanekin ados daude Erdialdeko Auzo Elkartekoak.
Beste eskaerak
Cipriano Larrañagako lanekin gatazka izanda ere, udalarekin beste bi arlotan adostasuna lortu dela esan du auzo elkarteak. Lehenik, Foru kalea ondoko orubean —bertan taxiak daude egun— parkea egitearekin ados agertu dira bi aldeak, “udalak guk proposatutakoa baino plaza edo parke hobea egingo duela esan du”, eta horrek, herritarrek esandakoaren arabera, han hotelik ez dela egingo esan nahi du. Horrez gain, zarata neurtzeko gailuak jartzearekin ados agertu dira bi aldeak.
Bestalde, topo geltoki inguruan egin beharreko lanen gainean, irisgarritasun arloan batik bat, ados daude udala eta bizilagunak.