"Gizakiok jainkoaren papera jokatzen ari gara"
Edu Zabalak (Eibar, 1958) Inauteria. Natura gizakiaren kontra saiakera idatzi du. Egunotan Irunen aurkezten aritu da Txingudi Ikastolako irakaslea.
“Ulertzeko ezaren aurrean mito batzuk sortu ditugu kaosari erantzuteko” “Altsasuko Momotxorroak dira gure Inauterietan basatienak”Euskal Inauterian zein adibide dauzkagu? Heriotza gure azken muga da, oraindik ezin duguna gainditu. Adibidez, maskaradetan baditugu elementu batzuk: Zamalzain. Zamalzain harrapatu eta zikiratzen dute, barrabilak kentzen dizkiote, botatzen dute, beste guztiak harrapataka joaten dira bere atzetik, eta ferratzen dute. Ferratzea da naturaren indar libre bat, kasu honetan, zaldia, meneratzea, menperatzea. Beste adibide bat dira Beltzak. Horiek dira Pitxu eta konpainia. Horietako bat, Pitxu, hil egiten da. Etortzen dira mediku batzuk, zalapartaka eta berpiztu egiten dute. Gizakiok daukagu ahalmena, jaungoiko batzuk bezala, hildako bat berpizteko. Adierazi nahi dugu natura baino boteretsuagoak garela. Lantzeko Inauterian ere gauza bera gertatzen da. Horiek denak dira sinbolo batzuk adierazteko guk hartu dugula naturako indar bat eta menperatzen saiatzen garela. Bakarra dago ez duguna menperatzen: Altsasuko Momotxorroak. Zamalzain da zentauro bat, momotxorroak dira minotauroak. Hor sartzen da mitologiaren joko psikologikoa. Momotxorroak dira bisonte, uro, zezengorri… odola aurretik eta atzetik ilea, eta sekulako adarrak dituzte: begira dauden guztiei erasotzen diete. Horiek ez dute burua makurtzen, horiek ez ditugu hemen eratzen. Hori da meneratzea lortzen ez dugun bat. Horiek dira, nire ustez, gure Inauterietan basatienak, izu gehien zabaltzen dutenak.
“Kontrol faltak gizakia beldurtu eta blokeatu egiten du” “Inauteriek osagarri errebelde bat daukate, gizarteari burla egiten diona”Beraz, lau Inauteri horiek elementu komunak dituzte. Hori da. Normalean, gainera, beti dago errudun bat. Errudun hori atxilotzen da, errudun hori epaitzen da, epaiketaren ondoren hiltzen dute, gero sutara botatzen da, eta azkenik, dantza zirkularrak egiten dituzte. Gu bezala Ipar Amerikako indiarrek ere egiten dituzte. Hain zuzen, liburuan aipamena egiten diezu Euskal Herritik kanpoko beste Inauteriei ere. Inauteri eta mitoak errepikatzen dira forma ezberdinekin eta izen ezberdinekin, baina askotan funtzioak berdintsuak dira. Adibidez, Bulgarian badago Inauteri mota bat Kukerrak deitzen direnak. Kukerrak dira joaldunak bezalakoak. Gero konparatzen ditut maskaradako dantzariekin. Beraien ezaugarri nagusienetakoa da jauzi egitea, baina, gainera, dotore. Zenbat eta dotoreago eta altuago orduan eta hobeak dira. Hori bera gertatzen ere masai tribuan, Afrikan. Horiek dantza erritual bat egiten dute euria erakartzeko, beraien ahotsekin doinu bat kantatzen dute, eta jauzi egiten dute. Hor zein lotura egiten dut? Bi kultura hain ezberdin horiek jauzi egiten dutela lurra kolpatzeko, lurra esnatzeko. Joaldunek ere lurra esnatu nahi dute joareekin. Santa Agedan ere gauza bera gertatzen da. Zein ondorioetara iritsi zara liburu honetan? Guk pentsatzen dugula munduko jainkoak garela. Gizakiok botere nahi ase ezina daukagu, eta dena kontrolatu nahi dugu. Azken finean kontrol falta horrek beldurtu eta blokeatu egiten gaituelako. Orduan horri buelta ematen saiatu gara, baina buelta horrek ere bere ondorioak ditu. Orain hitz egiten ari gara aldaketa klimatikoaz, izurrite berriez, mundua gero eta globalagoa dela, eta guri iruditzen zaigu dena kontrolpean eduki dezakegula, baina naturak baditu bere mekanismoak eta erantzungo digu. Gainditu nahi dugun azken muga heriotzarena da. Aspalditik saiatzen ari gara luzatzen: klonazioa, nanorobotika…. modu askotan. Orduan jainkoaren papera jokatzen ari gara. Beraz, heriotzari aurre egitea da gure helburua. Badago gauza bitxi bat. Badago organismo bat gure planetan, betirako bizi dena: marmoka txiki bat da, 5 milimetrokoa, Turritopsis nutricula. Heldutasunera iristen denean, atzerantz egiten du, eta gaztetu egiten da, eta gero berriro zahartu. Orduan, ez badu arrain batek jaten edo beste zeozer gertatzen ez bada, ez da hiltzen. Hori 1980eko hamarkadan bilatu zuten zientzialariek, eta hor hortzak zorroztu zitzaizkien: horrek posible badu, zergatik guk ez? Ari dira hori aztertzen bai ala bai. Hala ere, badago betiko tranpa: dilubio unibertsalaren mitoan, mundu guztia desagertu zen, baina beti geratzen dira aukeratutako batzuk, kultura guztietan. Zerbait traumatikoa gertatzen denean geratzen dira aukeratuak. Aukeratuak gure gizartean boterea dutenak dira, ordea. Gaur eguneko hirietako Inauteriek badaukate zerbait ikertu duzun horretatik? Ez dakit. Donostia edo Tolosako Inauteriak ikusten ditut, eta ez dut ikusten lotura hori. Adibidez, sardinaren ehorzketak harremanik eduki dezake heriotzarekin? Hor nik uste dut lotura gehiago dagoela Elizarekin, garizumarekin. Kasu horretan, badirudi janariarekin lotura duela. Zanpantzar bezala, Irunen. Hori badirudi lotuta dagoela gehiago Inauterien gehiegikeriekin, Elizak hain gustuko ez zituena. Gaur egungo Inauteriak, beraz, Elizak baldintzatuta daude.
“Herriak parte hartu du, berreskuratu dituzte Inauteriak, eta bizi-bizirik daude”Bere garaian solstizio eta ekinozioak ospatzen ziren. Gure arbasoek harremana zeukaten euren egunerokotasunean astroekin. Elizak, ordea, horiei santuen izenak ezarri dizkie: Santo Tomas, San Juan udan… Inauteriekin ere gauza bera gertatzen da. Gertatzen dena da Inauteriek daukatela halako osagarri errebeldea, matxinoa, gizarteari berari ere burla egiten diona. Negua bukatzeko ere ospatzen dira, baina hirietakoa, batik bat, horretarako. Baina Eliza hori ere kontrolatzen saiatu da. Non ari dira berreskuratzen Inauteriak? Gipuzkoan berreskuratzen ari dira Lezon eta Oiartzunen. Lezon, adibidez, Trapujale. Hor irudikatzen dena da Jaizkibeldik datorrela halako munstro bat, eta gero sorgin laguntzaileak ditu eta epaitu egiten da. Oiartzunen ere berreskuratu dituzte Intxixuak. Intxixua beste pizti bat da, deabru bat da, kontrolaezina. Oiartzuarrek beren mito bat berreskuratu dute, eta mito horrekin antolatu dute euren Inauteria. Parametro berdinetan: gaiztoa, harrapatu, epaitu, hil eta dantza. Lezoarrek ere gauza berbera. Altsasun Momotxorroak gerra aurretik debekatu zituzten, 1930ean, eta 1960an Enrique Zelaiak martxan jarri zuen berriro egitasmoa herritarren laguntzarekin. Herriak hartu ditu, berreskuratu dituzte Inauteriak, eta orain bizi-bizirik daude. Beste proiekturen bat ba al duzu esku artean? Beste liburu bat idazten ari naiz. Aiako idatzi nuen duela urte batzuk. eta horren jarraipena da. Eleberri historiko fikziozkoa da Aiako, hemen kokatua dago, Intxixuak ditu eta Aiako Harria da zentroa. Oraingoa Arditurri deitzen da. Arditurriko meategietan eta erromatar garaian kokatuta egongo da, garai hartako deskribapen mitologikoa egiten dut.