Santano alkatearen arabera, EH Bilduk "alternatibarik eman gabe" geldiarazi zuen errauste planta
Jose Antonio Santano
Aurreko legealdian hondakinen gaian egindako “kudeaketa txarra” eta “hondamendia” dela eta, EH Bilduri erantzukizunak eskatu behar zaizkiola uste du Jose Antonio Santano Irungo alkate eta aldi berean Txingudiko Mankomunitateko presidenteak. Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioak (GHK) Kantabriara hondakinak eramateko erabakiaren gaineko balorazioa egin du Santanok, esanaz, GHKn aurreko legealdian egon zirenen erabakiengatik eraman beharko direla hondakinak Kantabriara, “horrek dakarren ingurumen kaltearekin eta kostu ekonomikoarekin. Irteerarik gabeko kalezuloan sartu gaituzte”. Horri Santanok erantsi dio GHKren kudeatzaile ohiek 40 milioi euroko defizita sortu zutela.
Alkatearen arabera, EH Bilduk errauste planta geldiarazi zuen alternatibarik bilatu gabe, “eta sinestarazi nahi izan ziguten atez atekoarekin zaborra desagertuko zela. Errealitatea da hilero 13.000-14.000 tona zabor kudeatu behar direla, eta horiei soluzioa eman behar zaie, egunero-egunero, mankomunitate bakoitzetik”.
Txingudiko Mankomunitateko presidente den heinean kexu agertu da “beste batzuk hartutako erabaki okerrak” kudeatu behar dituelako, “baina batez ere arduratzen didana da honek guztiak gu guztiontzat izango duen kostua. Mankomunitateok kobratzen dugunarekin ezin izango diogu aurre egin zaborra Kantabriara garraiatzeak eta Bilduk utzitako defizitak eragin duen prezio igoerari”.