Korrokoitzeko bizilagunen ustez, arazoari eman dakioken benetako irtenbidea alboan duten pabiloia ere baloratzea da.
Korrokoitz 9ko bizilagunetako bi
Aste honetan bertan
udalak jakinarazi du ez duela Korrokoitz 9ko bizilagunengandik erantzunik jaso berak egindako bi proposamenen inguruan. Korrokoitz 9ko bizilagunek erantzun diote eurek izan dutela beti hitz egiteko borondatea, eta duela bi hilabete Jose Antonio Santano alkatearekin hitz egiteko eskaera egin zuten arren, oraindik ez dutela erantzunik jaso. “Udalak agerian utzi du gai larri honen aurrean duen errespetu eta sentsibilitate falta”.
Udalak egindako bi proposamenei dagokienez, egitura berritzea ez dela proposamen erreala esan dute bizilagunek, batetik, gastu hori ezin dutelako beregain hartu, eta bestetik, legeak berak ere ez duelako uzten: “Korrokoitz ordenaziotik kanpo katalogatua dagoen bezala ezin da halako ekintzarik egin, iraupena luzatzera bideratuko bailitzateke, eta halako eraikinetan egiterik ez du uzten legeak”. Hala, aukera hori alboratu egin zela eta arkitektura azterketa egiten ari diren arduradunei jakinarazi zietela adierazi dute bizilagunek.
Udalak benetan duen asmoa zona hori guztia degradatzea dela uste dute, bizilagunek euren etxeak uztera behartuak sentitzea, eta horrela, etorkizunean gunearen obren gastuak murriztea.
Beste proposamenari dagokionez, lurzorua erostea, benetako “pilotakada inmobiliarioa” dela esan dute bizilagunek: “28.000 euroren truke lurzoru baten jabe egin nahi du udalak Irun erdialdean, gero 250 etxebizitza egiten direnean, gutxienez 300.000 euroko diru sarrerak ekarriko dizkionean”.
Irtenbidea, pabiloia ere baloratzera
Egoera dagoen bezala, “benetako irtenbidea” alboan daukaten pabiloiaren lurzorua ere baloratzea dela adierazi dute Korrokoitz 9ko bizilagunek. Eraikinaren alboan dago etxebizitza, eta ez dago argi zein den jabea, baina Korrokoitz 9ko bizilagunek erabili izan dute, eta baita OHZ ordaindu ere. “Oraindik ez digute halako proposamenik egin, baina pozik hartuko genuke”. Horrez gain, eraikina botatzera behartzearen zama kentzea ere eskatu dute, eta hori sustatzaileei kargatzea.