Korrokoitz 9ko bizilagunek mahairen gainean bi alternatiba dituztela esan du Xabier Iridoy Hirigintza ordezkariak
Korrokoitz 9ko bizilagunetako bi
Irungo Udalak, Hirigintza ordezkari Xabier Iridoyren hitzetan, Korrokoitz 9ko bizilagunen erantzunaren zain dagoela esan du, “oraindik ez dugu bizilagunen erantzunik gure proposamenei”. Hau da, udalak esan du termiten eraginaren ondorioz guztiz kaltetuta dagoen eraikineko bizilagunei udalak helarazitako bi alternatibei erantzunik ez duela jaso.
Kezkatuta daude zeharo bizilagunak bizi duten egoeraz. Udalak esan duenez, “arazoaren tamainaz hasieratik kontziente” izan da, “eta bertako bizilagunen egoera ekonomikoaren araberako soluzioak ematen saiatu gara”.
Udalak, gaiari argia eman nahian, Korrokoitz 9ko bizilagunei proposatutako bi alternatiben berri eman du. Lehena da eraikina bota gabe, hura berritzea, etorkizunean bertan egitasmoren bat landuko balitz eskubideak gal ez ditzaten. “Bizilagunek eraikina berritzeko lan horien balorazioa egiteko prest agertu ziren, eta aurrekontu bat aurkeztu zen. Aukera horrek ekarriko luke hiru jabeek inbertsio bat egin behar izatea haien eskubideak mantentzeko”.
Udalak mahaiaren gainean jarritako bigarren aukera izan zen eraikina dagoen eremu osoa erostea, horren barne eraikinaren ondoan dagoen 100 metro koadroko lurzorua sartuz: egun jaberik ez du eremu horrek, eta udalak esan duenez, hori erosita nabarmen igoko litzateke eremu osoaren balioa. Horrela, udalak zonaldea erostearekin batera, eraikina eraistearen kostua bizilagunek beregain hartu beharko lukete.
Gainera, udalak adierazi du eraikineko bigarren solairuan bizi diren bizilagunak ez direla bertako etxebizitzaren jabe, eta babes ofizialeko etxebizitza bat noiz jaso zain daudela. Lehen solairuko bizilagunen gainean esan du etxebizitzaren alokairua ordaintzeko nahiz bestelako laguntza ekonomikoak jasotzen dituztela; egun ez dira bertan bizi horiek, inguruko etxebizitza batean bizi dira, “haiek eskatu zuten bezala”.